Getxoko 8.368 etxebizitzen aferan Landak eta EAJk sinesgarritasunik ez dutela dio Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 3a, 19:53

Orain arteko Getxoko 8.368 etxebizitzen aferan izandako jarreran atzo Getxoko EAJk eta bere alkategaia den Imanol Landa k egindako ziabogari erantzun dio gaur Getxo Bizia herri plataforma. Ezker abertzaleko taldearen aburuz, atzo Landak eszenifikatutako aldentzeak “udal hauteskunde atarian gaudela” ez du sinesgarritasunik. Getxo Biziak gogoratu duenez, azken lau urtez Getxoko EAJk eta EAJren eskuetan dagoen Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuaren alde egin dute, “sutsuki” gainera, eta proiektua egiteko bidean jelkideek bi tresna jarri dituzte: Bilbo Metropoliaren LZP eta Getxoko HAPO LZPra Egokitzeko Dokumentua. Getxo Biziaren arabera, EAJk “ezkutatu” egiten du Getxon 8.000 eta 11.000 etxebizitza berri eraikitzea “EAJren Diputazioaren lurralde planak agintzen duela”. Horregatik, Landa sinetsi ahal izateko LZP lehenbailehen aldatzea aldarrikatu dute. Argazkian, eskuman, Josu Amezaga Getxo Biziko hautetsia Andra Mari auzo elkarteak etxebizitzen egitasmoaren aurka burutu zuen manifestazioan.

Getxo Biziko prentsa oharra:

Getxo Bizia Imanol Landak eta Getxoko EAJk esandakoen aurrean

Getxoko Udala tramitatzen ari den Getxoko HAPO Bilbo Metropoliaren LZPra Egokitzeko Dokumentua, Getxoko Andra Marin eta Azkorrin 8.368 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten duen plana alegia, bere ez duela egiten eta ez duela babestuko esan zuen atzo goizean EAJko Imanol Landak prentsa aurrean, baina udal hauteskunde atarian gaudela Imanol Landaren adierazpenek ez dute sinesgarritasunik.

Imanol Landa Getxoko alkateordea izanda, 4 urte hauetan bere alderdikideak diren Iñaki Zarraoa alkateak eta Andrés Uriarte hirigintza zinegotzi eta alkateordeak sutsuki babestu dute EAJko Jose Luis Bilbao buru duen Foru Aldundiak idatzi eta onetsi duen LZPa eta baita pasa den urteko maiatzean Getxoko Udalak aurkeztu zuen Dokumentua.

Getxo Bizia plataformak 2004ko urtarrilean antolatu zuen mahai inguruan EAJko Uriartek eta EBko Iñaki Urkizak argudio berdintsuak erabiliz defendatu zuten iaz aurkeztu zen Udalaren planak oinarri duen LZPa.

Getxoko alkatearen jarrera baieztatzeko hemerotekari begiratzea baino ez dago.

Orain Imanol Landak eta Getxoko EAJk sinetsarazi nahi digute, Bilbo Metropoliaren LZPa aldatu gabe haiek beste plangintza mota bat bultzatuko luketela, baina ezkutatu egiten dute Andra Marin 8.000 eta 11.000 etxebizitza berri eraikitzea EAJren Diputazioaren lurralde planak agintzen duela.

EAJk afera honetan sinesgarritasuna lortu nahi badu, Bilbo Metropoliaren Lurralde Zatikako Planak Getxon eta Uribe Kostan ezartzen dituen etxebizitza berrien kopurua erabat murrizteko, plan hau lehenbailehen aldatzeko pausuak eman behar ditu.

Getxo Bizia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun