Itzubaltzetako gazte asanbladako kideek bost ataletan laburbildu zuten egindako ikerketa: gazteen artean inkomunikazioa dago eta gazteek hori konpondu nahi dute; gazteek ez dute propiotzat jotzen Udalaren kultur eskaintza elitista delakoan; gazteei gizartea eta herria kezkatzen zaizkie, gatazka politikoa, kontsumo eredu indibidualista, lan behin-behinekotasuna edo etxebizitza, nagusiki; gazteek autogestioa eta gaztetxea ondo ikusten dute, horretan sinetsita edo Udalaren kultur eskaintza urriaren aurrean; auzokideen 3/4ak ere ondo ikusten du gaztetxea.
”Gaztetxea herri tresna da”
Testuinguru horretan, gaztetxeak hainbat pausu eman ditu komunikazioa indartzeko baina ez du “EGKa” izateko asmorik, gazte bakoitzari tresnak emateko baizik. Dena dela, argi utzi zuten helburuak 2004ko ekainean sortu zeneko “berberak” direla: aurreiritzirik gabeko gune askea, irekia, parte hartzailea eta autogestionatua izatea handik sistemaren baloreak botatzeko, guztion artean herri berria sortzeko asmoz, “soilik elkarrekin lortuko baitugu auzoa aldatzea”.
Galdera txandan, gaztetxea erabiltzeko ez dela baimen berezirik behar azaldu zuten, “edonork egin dezake nahi duena”. Eta gogoratu zuten gauzak proposatzeko eta erabakitzeko ostegunero 20:00etan egiten den “batzar irekia” dagoela: “gaztetxea herri tresna da”. Era berean, aipatu zuten orain taberna eta denda askotan kartelak jarri dituztela jendeak eman eta jaso nahi dituen tailerren berri emateko eta ahal bada horiek sortzeko. Bestelako ekimenak bezala doakoak izango dira tailer horiek.
“Ertzainek jendea kolpatu eta gero bortitzak gu gara”
Getxoko Udalarekin mantentzen diren harremanei buruz, alkateordea den eta EAJko alkategaia den Imanol Landak bere garaian harremanak “apurtuta” zeudela esan zuela gogoratu zuten gaztetxeko kideek. Gainera, Landak bere adierazpenak lehenengo Itzubaltzeta gaztetxea hustean izandako “biolentziagatik” egin zituela eta “badakizue, ertzainek jendea kolpatu eta gero bortitzak gu gara” mintzatu ziren ironiaz.
Era ezberdinean erantzun zuten etxe batzuetako fatxadetan izandako pintaketengatik. Gaztetxekoek kritika bere gain hartu zuten eta kasu batzuetan aldarrikapenak egiteko “eskua apur bat joan zaigu” baina horrelako kasuak konpontzeko prest daudela zehaztu zuen: “aurrekoan koadro elektriko bat margotu genuen eta datorren astean joango gara garbitzera”. Dena den, horrelako pintaketak gazteek beren deialdiak eta informazioa plazaratzeko tokirik ez daukatelako egiten direla jakinarazi zuten. Izan ere, gazteen aburuz, Udalak Cespa enpresa erabiltzen du egunero “politikoki zentsura egiteko, adierazpen askatasunaren aurka joateko” eta kaleetan kartelak egotea “batzuentzat deserosoa izan daiteke, baina herri batek bere informazio guneak izan behar ditu” eta udal euskaltegian zegoen udal panela Udalak berak kendu zuela gogoratu zuten. Era berean, gazteek birritan herri panelak kokatu dituztela esan zuten, “lehenengo tanda Udalak kendu zuela”.
Gaztetxearen ordutegia buruz, normalean 18:00etatik aurrera irekita dagoela erantzun zuten, nahiz eta hori egiten diren jardueren arabera izaten den. Bestalde, ukatu zuten sarrera gazteei baino ez dagoenik irekita eta herri osoa gonbidatuta dagoela esan zuten.
Azkenean, gazte koadrila ezberdinen zoriontzea jaso zuten, “egindako lan eskergagatik”.