Aurrekari txarrak
Ezuste borobila izan da gaur goizean izandako elkarrizketa. Izan ere, 2005eko abenduaren 23an Algortako Mentxakabarri gaztetxea hustu zezaten PPkoek bertan eman nahi zuten prentsaurrekoa ez zen batere ondo bukatu. Egun horretan gaztetxekoek popularren jokaldia “probokaziotzat” jo eta Arrueren ondoan jarri ziren “Arrue eres pesada, eres pesada” (“Arrue, astun-astuna zara”) leloko pankarta batekin. “Erradikal talde batek” prentsaurrekoa egiten ez zieneko aitzakiapean, popularrak udaletxera joan ziren bertan prentsarekin hitz egiteko. Gazteek horra jarraitu zituzten, haiei buruz zer esaten zuten entzutera. Egoera horrek udaltzainen eta gazteen arteko istiluak, Getxoko Udalak eta PPk salaketa bana jartzea eta hainbat gazte oraindik auziperatuta egotea ekarri zituen.
Gaur, berriz, PPk zein Itzubaltzeta gaztetxea ezberdin jokatu dute, bakoitza bere aldetik. Arrue ez da gaztetxera hurbildu eta Gobelako ibaiaren bestaldetik esan ditu bereak. Gazteek berriz, pankarta eraikinean laga eta popularrak bereak esan dituen bitartean martxoko ekitaldien eta larunbatean aurkeztu zuten gazteriari buruzko ikerketa (pdf) banatu diete ingurutik ibili direnei. Ondoren, Arruerengana hurbildu eta esku-orrien kopia bana eman ostean argitu diote gaztetxe bat zer den eta zer dagoen Itzubaltzetan. Arrue joanda ere, prentsari azalpenak eman dizkiote.
Arrueren proposamena
Nahiz eta 2005eko martxoan Itzubaltzeta gaztetxea bota eta Areetako skate pista bertara mugitzea, gaur Marisa Arruek ez du gogoan hartu gazteen eta skater-en haserrealdia piztu zuen proposamen hura. Izan ere, hasieran ez du oso argi esan zein zen bere proposamena. “Bizitegi-gunean” eta “paseatzeko esparruan” kokatutako “Errekagane tailerren” ingurua egoera kaskarrean dagoela eta auzokideak “oihuak eta irainak direla eta” bertatik igarotzeaz “beldur” direla esaten hasi da Espainiako diputatuak bere prentsaurrekoa.
Balizko egoera hori konpondu nahian, Arruek eskatu dio Getxoko Udalari tailer guztiak eros ditzan, eta bere garaian bat erosi zela gogoan hartu du. Hortaz, Udalak “zeukan proiektuarekin jarraitu eta pentsatutako proiektua egin dezan” mozioa aurkeztuko dute datorren Udal Batzarrean. Dena den, ekimenaren bigarren puntua Udalari proiektua zehaztu dezan eskatzea da, “Udal Gobernuak dena erosi arte ez zuela proiekturik izango” aitortu baitu Arruek. Bere aldetik PPk bi irtenbide ikusten ditu: eraikina bota eta “zonaldeak behar duen berdegunea” jartzea edo eraikina zaharberritzea eta gazteentzako tailerrak jartzea, “haiek nahi dutenarentzat”.
Arrueren ustez, orain dela 10 urte baino gehiago aroztegia zena “hain polita izanda pena da hain egoera kaskarrean egotea” eta ohartarazi du “egoera txarrean egonda edozein egunean ezbeharren bat gerta daitekeela”.
Udal Gobernuak egiten dien ohiko kritikari aurrea hartuz, Arruek proiektu horretarako dirua egon behar dela esan du eta berak nondik aterako lukeen esan du argi eta garbi: “Ereagako igogailuan egon diren soberako lanetako 100 milioiak, ondo kudeatuz gero, honetan bideratu ahal izango lirateke”.
Kontzertugunea eta entsegu lokalak baldintza onetan nahi omen ditu Arruek
Bestalde, kazetarien galderen aurrean Getxoko PPko buruak behin eta berriro aitortu behar izan du ez duela errealitatea ezagutzen. Horrela, ez daki jabeek saltzeko prest egongo liratekeen nahiz eta “negoziazioak hasi egin zirela” badakien. Eraikinaren superfiziea ere ez du ezagutzen, baina uste du “handia” dela. Era berean, ez daki zein den udalaren zatia eta zein pribatua. Bestalde, lokal autogestionatuak egiteari ezezko borobila eman dio: “Udalaren babespeko tailerrak lirateke, ez autogestionatuak”. Tailer horietan, kultur elkarte eta gazteentzako lekua izango litzateke eta baita kontzertuak eta rock lehiaketak ere, Algortako Gwendolyne aretoan egiten zirenak eta “Getxotik irten diren eta Espainia osotik bira egiten duten musika talde onak” gogoan hartuz. Kazetariek desagerrarazi nahi duen eraikinean hilero bi kontzertu eman eta bertan bi entsegu lokal daudela esatean, horretarako lizentziaz kezkatu da Arrue: “Udalak begiratu beharko luke baldintza txarrak direla-eta ezbeharren bat gerta daitekeelako. Ondo egin eta baldintza onetan jar dezagun”. Azkenik, bat egin du gaztetxeak aspaldi egindako kritikarekin eta Udalari eskatu dio kale hori garbitzea, “nahiz ez hori ez den sakoneko arazoa”.
Arrue gaztetxekoekin bat
Marisa Arrue popularrak bere prentsaurrekoa bukatutzat jo ondoren hurbildu zaizkio dozena erdi bat gazte, txaleko islatzailez jantzita. Agurtu ostean, gaztetxeak kaleratu duen hileko agenda eta larunbatean egindako gazteriari buruzko ikerketaren esku-orria eskaini dizkiote PPko buruari. Arruek horiek hartu ondoren ekin diote gaztetxea zer den azaltzeari. Horrela, gune autogestionatua eta parte-hartzailea izateari eman diote garrantzia, ez hainbeste dituen baldintzei nahiz eta “orain dela bi urte, erortzeko zorian eta zaramaz beteta zegoen. Baina dena garbitu, habeak sendotu, lurra aldatu eta baldintzak zeharo hobetu ditugu herri osoari irekita dagoen lokala egiteko”. Hori guztiori haien kabuz egin dutela esan diote Arrueri eta, era berean, antzezlan, kontzertu, bertso saio eta bestelako ehunaka kultur ekitaldi burutu dituztela, nahi ez duten inolako dirulaguntzarik gabe. Azkenik, PPko diputatuari gogoratu diote gazte aisialdia ez dutela politikoek planifikatu behar, gazteek beraiek baizik, eta autogestionatua ez den proiektu orok aurrean izango dituela. Arruek, berriz, emandako informazio guztia irakurriko duela esan die.
Ondoren, Xabier Otxoa gaztetxeko bozeramaileak erantzun ditu kazetarien galderak eta nabarmendu du auzokideekin izandako batzarrak eta beraiekin heldutako konpromisoak: “adibidez, hilero bi kontzertu baino ez daude eta amaitzeko ordua 12etan daukatela”. Era berean, egun dauden bertso eskola, jostura eta perkusioa tailerrak eta hainbat musika talderekin batera eraikitzen ari diren entsegu lokal autogestionatua azpimarratu dituzte. “Ziur gaude PP ere gaztetxearen alde dagoela” esan du Otxoak ironiaz, “maiatzaren 27ra arte guztiek maite gaituzte”.