Erandioko Ategorri-Tartanga institutuko Komunikazio, Irudi eta Soinu sailak Ikus-entzunezko II. Jardunaldiak egingo ditu martxoaren 7tik 9ra bitartean. Mundu horretako esparru ezberdinetan lanean diharduen jendea gonbidatuko dute euren esperientziak azaldu eta lanak erakutsi ditzaten. Antolakuntzako iturriek adierazi dutenez, ikus-entzunezkoen mundua hurbildu nahi diete bertoko ikasle, irakasle eta interesatuta dagoen orori, beraien parte-hartze zuzena bultzatuz. Hitzaldi guztiak goizeko 9:30ean hasi eta 13:30ak aldera amaituko dira. Gainera, azken egunean The Konser Bass taldeak kontzertua eskainiko du. Argazkian, ikasleak Ategorri-Tartangako errealizazio gelan.