Dagoeneko aurtengo Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketan parte hartuko duten taldeak hautatu dituzte. Aurten 66 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien guztien artetik, People Are Machines (Danimarka), Thinktank (Holanda), Andrew's Quartet (Errusia) eta Mr. Chacho (Espainia) aukeratu ditu epaimahaiak. Talde horiek uztailaren 4tik 7ra bitartean arituko dira lehiaketako lehen saria eskuratzeko. Antolakuntzako iturriek adierazitakoaren arabera, Europako 17 herrialdetako taldeek hartu dute parte lehiaketan. Alemaniak, Poloniak, Espainiak, Danimarkak eta Belgikak aurkeztu dute talde kopururik handiena, Italia, Ingalaterra, Frantzia eta Txekiar Errepublikaren aurretik, besteak beste. Argazkian, iazko lehiaketa irabazi zuen Magnus Mehl Quintett boskote alemaniarrak.