Emakumeen Eguna kultur ekitaldiz "jantzi" du Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 6a, 19:54

Andrak eta Kafe Huts taldeekin elkarlanean, martxoaren 25era bitartean, kultur ekitaldi sorta (erakusketa, antzerkia, zinema, musika... ) antolatu du Leioako Udalak, ostegun honetan izango den Emakumeen Egunaren harira. Besteak beste, martxoaren 8an bertan, kontzentrazioa deitu dute 13:30ean, Boulevardean. Ondoren, bazkaria egongo da Andrek antolatuta (Sabino Arana kaleko 78. zenbakian elkarteak duen egoitzan eskuratu daitezke txartelak). Azkenik, Emakumeen Egunean, "Look" izenburuko ikuskizuna eskainiko du Ertza dantza taldeak, 20:00etan, Kultur Leioan. Sarrerak sei eurotan daude. Gaurko prentsaurrekoan, leioztar guztiak ekitaldietan parte hartzera deitu ditu Beatriz Resa udal ordezkari leioztarrak. Urtarrileko udalbatzarrean, Gizon eta Emakumeren arteko Berdintasunaren aldeko Europako Gutunari atxikimendua ematea onartu zuten aho batez Leioako Udalean ordezkaritza duten alderdiek. Argazkian, Los ojos del hermano eterno konpainia kolonbiarrak ostiralean eskainiko duen "Carta a una desconocida" antzezlanaren irudia.

Aurtengo Emakumeen Jardunaldiei hasiera emateko, Punto Rojo kolektiboaren erakusketa zabaldu zuten atzo Kultur Leioan. Leon, Bizkaia eta Gipuzkoako bederatzi emakume artistaren proiektu honek pintura, argazki, bideo, happening, ekintza-performance, collage... sorkuntza lanik honenak erakutsi ditu, martxoaren 25era bitartean. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara; eta igandetan, 11:00etatik 14:00etara. Bihar, berriz, "Paco Jones, detective privado" antzezlana eskainiko du Kafe Huts elkarteak, 18:00etan. Gonbidapenak Gizarte Zerbitzuetan, Kultur Leioan eta Andrak zein Kafe Huts taldeen egoitzetan eskuratu daitezke.

Antzerkia eta musika

Behin Emakumeen Eguneko ekitaldiak igarota, hilaren 9an, "Carta a una desconocida" antzerki saioa taularatuko du Los ojos del hermano eterno konpainia kolonbiarrak. Ekitaldia 20:00etan izango da, aurrekoak bezala Kultur Leioan eta sarrerak 12 eurotan egongo dira. Azkenik, jardunaldiei bukaera emateko bi musika zaio prestatu dituzte, hilaren 11an eta 23an, hurrenez hurren: igande honetan, Camerata Euridice emakume orkestrak eskainiko du kontzertua, 20:00etan, 6 euroren truke. Bi aste barru, berriz, La mujer barbuda taldeak jazz emanaldia eskainiko du, 22:00etan (6 eurotan ere bai).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun