Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean, bikotekidearen aurkako genero indarkeria delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, gertakariak joan den ostiraleko goizaldean jazo ziren, Plentzian, elkarrekin bizi ziren etxean. Biktimak salatu duenez, eztabaida baten ostean, bikotekideak ahal izan zuen indar handienaz lepotik heldu eta ukabilkada bat eman zion ahoan. Une horretan, emakumea gela batera sartu zen, atea itxi zuen eta zainak ebaki zituen. Bikotekideak benda bat jarri zion zauri odoleztatuen gainean eta gurasoen etxera eraman zuen. Hara zihoazela, eztabaidan jarraitu zuten eta, bikotekidearen irainen eta egoera hartzen ari zen itxuraren aurrean, emakumezkoa ibilgailutik jaitsi zen eta Unbeko errepidean gelditu zen bakarrik. Larrialdi zerbitzura deitu zuen handik, eta Ertzaintzaren patruila auto bat bertaratu zen. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.