Getxo udalerriko kirol taldeek Algortako Teknika Hobekuntzarako Zentroa erabili ahal izango dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 9a, 12:57

Getxo Rugby, Getxo Arraun eta Getxo Saskibaloia taldeek zein hainbat kirol elkarteren entrenatzailek Fadurako Udal Kiroldegiaren atzekaldean dagoen Teknika Hobekuntzarako Zentroa (THZ) erabiltzeko aukera izango dute hemendik aurrera, Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Kiroletako Zuzendaritzak adostutako truke hitzarmenari esker. Hortaz, rugbylariek eta arraunlariek THZko gimnasialekuan eta saskibaloikoek kiroletako pabilioi nagusian entrenatuko dute. Gainera, udalerriko kirol taldeetako entrenatzaileei errendimendu handiko trebakuntza eskainiko die 1994an sortu zen THZk. Aipatutako onuren truke, Udalak Fadurako igeritokiko kale bat maila goreneko igerilariei utzi beharko die, astean 30 orduz. “Akordio ona da eta udalerriko kirol taldeei joko handia emango die”, esan du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Zarraoaren ustez, aipatutako taldeez gain laster “Getxo Tenis taldeko goi mailako bi neskek THZ erabili eta bertako sendagile eta prestatzaile fisikoen zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun