Bilgune Feministak zabaldutako testua:
2007ko martxoaren 8 honetan, nahiz eta emakumeon egoeraren irakurketa ezkorra egin beharrean egon, azpimarratzekoa da ere lan eremu berriak jorratuz edota gure generoari betidanik atxikitako baldintza eta betebehar espezifikoak ezbaian jarriz, eskubideen lorpen eta aitortzaren bidean sendo jarraitzen dugula.
Prekarietateak emakume aurpegia du. Lan mundura aspaldi sartu baginen ere, lan esparruen sexuaren araberako banaketak bizirik dirau. Lanbide Heziketan ikasketa maskulinoak hartzen dituzten emakumeak enpresetan praktikak ezin eginda aurkitzen dira unibertsitateko ikasleen artean gehiago diren bitartean, aldagai hau ondoren lanpostuetan islatzen ez bada ere.
Lanik baxuenak, txarrenak, gaizkien ordainduta daudenak, zaintzarekin lotura dutenak emakumeon eremua izaten jarraitzen dute, eremu pribatuan aurkitu ditzakegun ardura gehienak ere gureak izaten jarraitzen duten bezala. Lanaldi bikoitz eta hirukoitzak errealitate bat dira emakumeon egunerokotasunean, honek kontziliazio politiken porrota argiki erakusten duelarik.
Zer esanik ez, emakume izateaz gain, kolektibo zapalduren bateko partaidea izanez gero. Emakumeon bizi baldintzak asko kaskartzen dira etorkina, gaztea, etxekoandrea... izanda.
Paperekin edo paperik gabe emakume etorkinek egiten dituzte lanik baxuetan baxuenak soldata negargarriak jasoz.
Bizi osoa etxeko lanez eta etxekoen zerbitzura pasa duen emakume alargun bati gelditzen zaion pentsioa ez da lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen.
Emakumeon kontrako indarkeriak sexuen arteko harreman hierarkikoak bizirik dirautela adierazten digute. Iaz erailketa kasuek behera egin badute ere, are arduratuagoak gaude erasotzaileen adin gaztea edo erasoetan erabiltzen den bortizkeria mailaren igoerarekin. Jai eta aisi eremuetan, ikastetxe eta gazte guneetan ematen ari den bortxaketa eta erasoen gorakadak emakumeok espazio guztietan aske eta seguru ibiltzea ekiditen ari da.
Ez gara gure gorputzaren jabe eta ezin dugu beronen gaineko erabaki askerik hartu. Euskal Herriko administrazio anitzetan era desberdinetara planteatuta bada ere, emakumeok ezin dugu abortua bezalako gaietan libreki erabaki.
Osasun zerbitzuek ez dituzte emakumeon osasunarekin zuzenki lotuta dauden zerbitzuak beharrezko kalitate minimoa ziurtatzeko moduan ezartzen; anbulatorioetan ez dago ginekologia zerbitzurik. Emakumea ez da osasun ikerketen objektu eta subjektu.
Sistema patriarkala lan mardula egiten ari da emakumeok betidanik bete dugun bigarren mailako herritar papera betetzen jarrai dezagun. Beharrak bultzatuta gutxieneko kontzesioak egitera iritsi badira ere, gobernu, instituzio erlijioso, hezkuntza erakunde eta bestelako instituzio atzerakoiak ezingo dira eraldakuntzarako tresna izan, sistema sozial osoa sustengatu eta isilpean egiten den emakumeon lana errekonozitzen ez dutelako.
Are gehiago, Euskal Herriko lurraldeetan finkatutako gobernuak eta alderdi politikoetako ordezkariak ahoa bete hitz irteten zaizkigu oholtza gainera emakume eta gizonen eskubide berdintasuna aldarrikatzera. Berau lortzeko, lege eta plan ugari sortu dituzte beraien lana zein antolatua eta ongi egina duten erakusteko; ondoren garatzeko aurrekonturik ez duten ekimenak. Honela, emakumeon egoera ez da inolaz ere aldatzen ari.
Instituzioetatik hartzen diren neurriak emakumeon bizi baldintza zehatzetan aldaketa suposatu badute ere, ez daude jendartea errotik eraldatzera bideratuak, ez dute emakumeok eremu guztietan pairatzen ditugun desberdintasunen tratamendu orokorra, integrala bultzatu eta kontuan hartzen. Botoak biltzeko eginiko izaera sozialeko neurri populistak martxan jarriaz ez da emakumeon egoera aldatuko.
Emakumeok ez gaude besteek gure eskubideak noiz aitortu zain, instituzioetatik abiatutako neurri antzuen ez gaituzte konbentzitzen. Sexuen arteko harreman bidezkoetan oinarritutako Euskal Herri askea eraikitzeko bidean guk tresna berriak sortu eta borroka egingo dugu errespetatuak izan daitezen.
Bide honetan kokatzen dugu udaberrian onartuko dugun Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Gutuna, emakumeok gure beharrizan eta bete gabeko eskubideen inguruan eginiko eztabaidaren ondorioa. Borroka feministaren norabide eta aldarrikapenak birkokatzeko oinarri sendoa ezartzeaz gain, emakume guztiok biltzen gaituen agiria da.
Martxoak 8 honetan, emakumeoi dei egiten diegu, urteko gainontzeko 364 egunetan bezalaxe, kalera irten gaitezen, herritar orok dituen eskubide eta aukera berdinak izatea nahi dugula aldarrikatzera. Urteko egun esanguratsu honetan, emakumeok gure eskubideen defentsa ozenki oihukatuz kale, auzo, plaza, herri eta hiriak beteko ditugu.
Euskal Herriko Bilgune Feministak dei egin nahi die herritar eta eragile guztiei emakumeon aldarrikapenekin bat egin eta guztiok batera Euskal Herri berri eta justuago bat sor dezagun, Euskal Herri feminista bat.