Etorri berrientzako 2.000 gida banatuko dituzte Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 12a, 19:22

Alkarbide bilguneak koordinatuta, etorkinei ongi etorria emateko 2.000 informazio gida banatuko dituzte Erandion. Liburuxka hau zazpi hizkuntzatan egin da -euskaraz, gaztelaniaz, portugesez, frantsesez, ingelesez, errumanieraz eta arabieraz-, eta beraren xedea da etorkinei bertokotzen laguntzea, eta horretarako erabilgarria izango dezaketen informazioa ematen zaie, Bizkaiko Foru Aldundiko iturrien arabera. Bertan aurkituko dituzte Euskal Herriko hizkuntza zein den, lana aurkitzeko jarraibideak, hezkuntza eta kulturaren berri eta oinarrizko gestioak egiteko behar dituzten telefono interesgarriak. Gidak erroldatzera joaten diren etorkinei banatuko zaizkie, udalerrira heltzen diren unean, eurek behar duten informazioa eskura izan dezaten. Immigrazio zerbitzuetan, gizarte zerbitzuetan eta turismo bulegoetan ere banatuko dira. Argazkian, Erandioko metro geltokiko plaza.

Orain dela pare bat urte hainbat hizkuntzatan argitaratutako eskuko hiztegiak izan duen arrakasta ikusita, Bermeo, Gernika-Lumo, Erandio, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Lea-Artibaiko Mankomunitateak egin dute etorkinei ongi etorria ematea helburu duen gida. Zazpi hizkuntzatan -euskaraz, gaztelaniaz, portugesez, frantsesez, ingelesez, errumanieraz eta arabieraz- egindako gidak helburu hau du: egitasmo honen bultzatzaile izan diren udalerrietara heldu direnei bertokotzen laguntzea, horretarako hasi behar duten bizimodurako erabilgarria eta baliagarria izango den informazioa eman, eta gure gizartearen ezaugarri garrantzitsuenak azpimarratu dira, foru iturrien arabera. Horren harira, euskararen inguruko azalpenak eta gomendioak, euskara ikasteko ikastaroen eta diru-laguntzen berri ematen da, hezkuntzaren nondik norakoak azaltzen dira, eta telefono jakingarrienak, helbideak eta udalerri horietan bizimodu berriari ekiteko informazioa jasotzen dira.

Erroldatzerako unean

Guztira 16.000 gida argitaratu dira: horietatik 2.000 Erandion banatuko dira, 7.000 Busturialdean eta beste 7.000 Lea-Artibaiko eskualdean. Gidak erroldatzera joaten diren etorkinei banatuko zaizkie, udalerrira heltzen diren unean, eurek behar duten informazioa eskura izan dezaten. Immigrazio zerbitzuetan, gizarte zerbitzuetan eta turismo bulegoetan ere banatuko dira.
Hizkuntzei dagokienez, udalerri bakoitzak etorkinen jatorria kontuan izanda aukeratu ditu egokienak diren hizkuntzak, etorkin guztiek uler dezaten. Horrela, Erandiok zazpi hizkuntzatan argitaratu du gida, Busturialdeko udalerriek ingelesa eta portugesa kenduta beste guztiak sartu dituzte, eta Lea-Artibaikoek sei hizkuntzatan egin dute gida, ingelesa kontuan hartu barik.

Ongi etorria

Lehen ere esan dugu orain dela urte bi etorkinentzat egindako eskuko hiztegiaren jarraipena dela argitalpen hau. Arrakasta handia izan zuen hiztegi horrek etorkinek eguneroko bizimoduan erabiltzeko oinarri-oinarrizko 200 berba batzen zituen, egunero entzuten dituzten berbak euren hizkuntzaren bidez identifikatu ahal izateko, esaterako, zenbakiak, agurrak (egun on, agur...). Gida berri hauek, bada, erabili nahi dira, aurreko lanaren jarraipena izateaz gainera, udalerriotan talde hauei harrera egiteko, laguntzeko eta gizarteratzeko.

Etorkinei ongi etorria emateko gidan berba hauek agertzen dira:

"Ongi etorri! Euskal Herrira heldu zara. Ingurua, hizkuntza eta eguneroko bizimodua berriak izango dira zuretzat. Jakin badakigu zaila dela beste herrialde batean egokitzea; baina zailtasunak zailtasun, gurean ahalik eta ondoen moldatzea gurako genuke. Hori dela eta, liburuxka honen helburua gure eskualdera etorri zaretenoi bertakotzen laguntzea da, hasi behar duzun bizimodurako erabilgarria eta baliagarria izango den informazioa emanez, geure gizartearen ezaugarri eta ohitura garrantzitsuenen berri jakinarazi nahi dizugu. Gida hau erabilgarria izango zaizulakoan, ongi etorri gure herrira!"
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun