IGAk kaleratutako oharra:
Arrue, baina zer dinostazun?
Datozen udal hauteskundeen kanpainaren harira, Marisa Arrue Getxoko PPko hautagaiak prentsaurreko bat eman zuen pasa den astelehenean, martxoak 5, Errekagane kaleko tailerren aurrean, bertan Itzubaltzeta gaztetxea dagoela. Bitxia iruditu zaigu balizko zaharberritze proposamen bat azaltzeko leku hau aukeratu izana. Izan ere, Getxon hobekuntzak behar dituzten hamaika zonalde daudela kontuan hartuta. Gaztetxearen aurkako kanpaina baten hastapena ez al da izango, Arrue anderea? Areetako skate park-a Errekaganen jartzea eskatu eta bi urte beranduago, Arruek bi “alternatiba” berri eskaini zituen “beldurra ematen duen kale itsusi” horretarako: berdegune bat eratze edo, ibaitik 10 metrora ezin dela eraiki ahaztuta, bertan gazteentzako “tailerrak baldintza onetan” altxatzea, beti ere Udalaren menpekoak izanik.
Itzubaltzeta gaztetxetik nahi ditugun lokalak herriarengandik eta herriarentzat direla gogorarazi behar dugu. Hots, lokal autogestionatuak, gazteek beraiek beren jarduerak gauza ditzaten, gaztetxean aspalditik egiten dugun legez. Herriak nahi dituen jarduerak ezagutzeko, IGAtik inkestetan oinarritutako ikerketa burutu genuen, eta bertan argi eta garbi gelditu da gazteriaren gehiengoa espazio autogestionatuen aldekoa dela. Azkenik, alderdi guztiei esan behar diegu orain arte aurrera eraman dugun filosofiaren aurkako proiektu ororen kontra izango garela aurrez aurre. Ez dugu iruzurretan eroriko.
Gora Itzubaltzeta gaztetxea!
Itzubaltzetako Gazte Asanblada (IGA)