Horrela izatekotan ez litzateke lehenengo aldia Ertzaintzak Dorretxea husten duela, 2005eko irailean, adibidez, birritan sartu zen, eta gazteek salatu zutenez “bortxakeri handia” erabili zuen, gaztetxeko kideen gorputz zaurituei ateratako hainbat argazki froga gisa aurkeztu zutela. Dorretxea husteko mehatxupean bizi da ordutik hona eta bere kideak azken asteotan datorren martxoaren 31n, goizeko 10etan, Santurtziko parketik abiatuko den lau gaztetxeren balizko desalojoen aurkako martxa prestatzen ibili dira. Izan ere, Mamarigako kultur etxea eta Santurtziko, Olabeagako eta Barakaldoko gaztetxeak husteko “mehatxupean” ei daude.
Jaialdi libertarioa
Bestalde, larunbat honetarako, martxoak 17, Uribe Kostako Ez Jaun Ez Jabe talde libertarioak jaialdia antolatu du Dorretxea gaztetxean bertan. 19:00etatik aurrera, Leioako Claro Que Si eta Rinconcete en Tu Retrete kantautoreek berotuko dute giroa. Kontzertuan, Itzubaltzeta / Erromoko Okupando Rom@, Bartzelonako Bandera Negra, Gasteizko Akrata eta Leongo Hachazo musika taldeak arituko dira. Sarrera 4 eurotan erosi ahal izango da eta dirua Ez Jaun Ez Jabeko kideei iazko Maitzaren Batean jarritako isunak kitatzera joango da.