Itzubaltzetara bueltan Buddy Guy izango da aurtengo Getxo Blueseko izarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 13a, 18:31

Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiak badu artista nagusia bere hemeretzigarren ekitaldia ospatzeko: Louisianako Buddy Guy "bluesman" handia, hain zuzen ere, kultur iturri getxoztarrek iragarri dutenez. Jaialdia ekainaren 8tik 10era izango da eta aurten Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazan egingo da. Horrela, bere ohiko agertokira itzuliko da jaialdia, bertan egiten ari ziren lanak amaitu ostean. Hiru egunetan zehar, ikusleek hainbat blues estiloz gozatu ahal izango dute, lau kontzertutan. Ohikoa denez, sarrera doakoa izango da. 70 urte baino gehiago dituen arren, Guyk bizitasun paregabea erakusten du bere saioetan, elektrikoak hasieratik amaierara. Biraz bira, kontzertuak eskaintzen ditu bere gitarra estilo paregabea erakusten, hasieratik publikoa menperatzeko den energiaz. Argazkian, Buddy Guy gitarjolea.

George "Buddy" Guy (Lettsworth, Louisiana, 1936) blues musikaren mito bizia da. XX. mendeko 50eko hamarkadan hasi zuen bere jarduera Ipar Amerikako agertokietan, Baton Rougeko (Louisiana) zenbait talderekin. Hamarkada horren azken urteetan Chicagora joan zen eta, bertan, Muddy Watersen eta Howlin' Wolfen mailako artisten eragin indartsupean, gitarren melodiak eta ahots-teknikak landu eta hobetu zituen. Garai horretan blues musikaren hainbat artista handirekin jardun zen: Magic Sam, Otis Rush, Junior Wells eta Willie Dixon musikagile ospetsuarekin, besteak beste.

Pixkanaka, Guy bere estiloa definitzea lortu zuen, "Chicago Blues" izeneko estiloaren sortzaileenetako bat bilakatu arte. Ordutik hona, musika genero honen artistarik nagusienetariko bat bihurtu da eta talde ospetsuak inspiratu zituen, esate baterako, Lede Zeppelin eta The Rolling Stones. Talde horiek Guyren konposizioez baliatu ziren beren estilo eta musika-eredu propioak garatzeko.

Artista nekaezina

Etengabeko motibazioak kontzertu bakoitzean gero eta hobeto jarduteko bultzatzen du Louisianako musikaria, artista handiko etiketa eta bere gaitasunak erakusteko irrikan. Zuzeneko saioetan grina handia erakusten du; Hendrixen energia berdintzeko, B. B. Kingen punteatze gozo eta dotorea imitatzeko, Hookerren kadentziez jabetzeko eta "esku motel" izeneko estiloen giro beroak sortzeko gai da musikari handi hau. Bost Grammy-k eta 23W.C. Handy sarik artista honen ibilbidea bermatzen dute. 2005. urtean Rock And Roll Famaren Aretoan bere lekua lortu zuen merezimendu osoz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun