Bilbo eta inguruko eskualdeetako euskarazko telebista kudeatzeko enpresa sortu dute Hamaikak eta Ibaizabalek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 13a, 18:50

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak eta Ibaizabal kultur elkarteak enpresa berri bat sortu dute Bilbon eta inguruko eskualdeetako euskarazko telebista kudeatzeko asmoz. Bakoitza bere esparrutik begiratuta, helburuetan bat egiten dutenez, indarrak metatzea eta lan praktikoan ere jauzi bat egitea erabaki dute, “Bilbo Handia Ikusentzunezkoak SA” enpresa sortuz, ondorengo eskualde hauetan telebista berri honen emisioak zabaltzeko: Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribeko zonalde zabal bat, Basauri, Arrigorriaga eta Galdakaoraino helduz, Ibaizabaleko kideek jakinarazi dutenez. Argazkian, Ainhoa Markinez eta Koldo Zelestino Ibaizabaleko kideak.

Telebista horren ezaugarririk azpiragarrienak hauek izango lirateke: euskara hutsezkoa; behetik gora eginda populazioaren parte hartzea indartuz eta tokiko errealitatean murgilduta; herritarra eta erreferentziala euskara dakiten eta ikasten ari direnentzat; pedagogiko eta hezitzaile tresnatzat ulertua; Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetako euskarazko komunikabideekin elkarlanean jardungo duena eta guztiz zabala zein dinamikoa programazioaren edukietan. "Emititu ahal izateko, lehenik eta behin, lehiaketa publikoan aurkeztu behar da eta lizentzia lortu, baina gure baikortasuna erabatekoa da aurkezten den euskara hutsezko telebista bakarra lizentziarik gabe gelditzea pentsaezina izango litzake eta", argitu dute kultur elkartekoek.

Gainera, telebista honek beteko duen funtzio linguistikoaz gain, kontuan hartu beharreko bi arlo zehaztu dituzte: "alde batetik, bideragarritasun ekonomia-plana zein arlo teknikoari dagokiona bikainak dira, erabat lehiakor bihurtuz; eta bestetik, egitasmo honetan arituko diren profesionalek eta arlo ezberdinetako agenteek (hezkuntza, kultura, merkataritza, kirola, eta abarrekoek) telebistaren kalitatea zein herritarren parte hartzea ziurtatuko dute, proiektuaren beraren arrakasta bermatuz".

Bilera eta aurkezpenak

Datorren martxoaren 23an, Eusko Jaurlaritzaren Kultur Sailean proposamenak aurkezteko epea agortuko denez, jadanik hainbat bilera ospatu dituzte azkeneneko xehetasunak sartzeko aurkeztu beharreko txostenean, Bizkaiko hainbat agente erreferentzialekin informazio eta hartu eman dinamika bat sortuz, hala nola, Bizkaiko Ikastolen Federazioa, Athletic Club, Deustuko Unibertsitatea, EHU, Abokatuen Elkargoa, Sortzen Ikasbatuaz, eta abarrekin. Ondorengo egunetan ere, egitasmoaren aurkezpena beste sektoreetara zabalduko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun