Aimar Hidalgo algortarra atzo arratsaldean atxilotu zuten. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran azaldutakoaren arabera, ertzainek bere etxera joan ziren 19:20an, baina gaztea bertan ez zegoenez telefonoz abisatu eta bere kabuz aurkeztu zen. Gaua Neguriko ertzain etxean pasa du, gaur goizean Getxoko epaitegira eraman, bertatik Basauriko espetxera, eta azkenik Madrileko Auzitegi Nazionalera heltzeko, 72 orduko epearen barruan. Orkatz Gallastegi berangoztarra eta Gaizka Gañan santurtziarrarekin batera epaitu zuten Hidalgo, 2000ko abuztuaren 11n Algortan autobus bat erretzea leporatuta. Hain zuzen, "abokatuak telefonoz egindako gestioen ondorioz jakin izan da 7 urte 6 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra sartu dietela", errepresioaren aurkako erakundeak nabarmendu duenez. Argazkian, Aimar Hidalgo algortarra 2005eko uztailaren 19an Aranjuezeko espetxetik, 6.000 euroko fidantza ordainduta kalera atera zenean, kartzelan hamar hilabete egin ondoren.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!