Lau urtetan GKEen 112 egitasmo lagundu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 14a, 21:30

Gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) aurkezten dituzten proiektuen artean 356.851 euro banatuko ditu aurten Getxoko Udalak. Eskaerak aurkezteko epea hemendik gutxira zabalduko da, Imanol Landa zinegotziak iragarri duenez, eta hiru motatako egitasmoei emango diete laguntza; garapen bidean dauden herrialdeetan aurrera eramaten direnei, getxoztarrak sentsibilizatzekoak direnei eta larrialdi egoerei aurre egiten lagundu nahi dutenei. Ildo horretan, azken 4 urteotan lagundutako 112 proiektuetatik (1.345.512 euro) 65 garapen bidean dauden herrialdetan bizi direnen bizi-baldintzak hobetzeko izan dira; 19 Getxo udalerrian sensibilizazio ekimenak aurrera eramateko eta 28k zerikusia eduki dute larrialdi egoerei aurre egitearekin. Argazkian, Imanol Landa.

Egitasmo horiek osasun, hezkuntza eta emakumea eta garapen alorretan eraman dira aurrera. “Hirugarren arlo horek proiektuen %25 hartu du, herrialde horietan emakumeek duten paperaren garrantzia kontuan harturik, bai familian, bai gizartean zein alor ekonomikoan”, esan du Landak. Azken urteotan ere Aljerian dauden saharar errefuxiatuen kanpamenduei laguntzeari "berebiziko" garrantzia eman dio Udalak eta horren isla dirulaguntzak, sentsibilizazio ekimenak, haurren udako harrera programak eta abar izan dira, udal arduradunaren hitzetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun