Biharamunean, martxoak 17, bluesaren txanda izango da. Blues Caravan: Ladie's Night ikuskizunak hiru artista ospetsu ekarriko ditu Algortara: Sue Foley, Deborah Coleman eta Roxanne Potvin. Estilo ezberdinetako musikari horiek, "blueswomen" belaunaldi baten aberastasun eta lan osoaren isla dira eta, hori dela eta, disko bat kaleratu dute omenaldi modura. Sue Foley eta Deborah Coleman nazioarteko mailan eskarmentu handiko bi artistak dira eta horien musikaren oinarria Earl Hooker eta Buddy Guy dira, hurrenez hurren. Bestalde, Roxanne Potvin bere karrera irmoa aurrera eramaten ari den artista gaztea da. Blues Caravan kontzertua Getxo Antzokian izango da, 20:00etan, eta sarrerk 12 eurotan daude salgai.
Mozart haurrentzat
Igandean, martxoak 18, gaztetxoek "Kolas mago handia" operaz gozatu ahal izango dute. Ikuskizuna W. A. Mozart lanaren haurrentzako bertsioa da, euskaraz eta ekitaldi bakarrekoa, ordubeteko iraupenarekin. Istorioa Erdialdeko Europara darama publikoa. Bertan, Bastiana artzaintsak eta bere ezkongaiak, Bastianek, ustezko mago batengana jo behar dute beren arteko maitasun-arazoak konpontzeko. Belatrix taldeak moldatu du lan hori haurrentzat. 2000. urtean eratu zen talde hori operaren mundua haurrei egokitu eta hurbiltzeko asmotan. Harrezkeroztik hainbat lekutan jardun da bere ikuskizunak antzezteko: "Txirula magiko txikia", "Hansel, Gretel eta txokolatezko etxea", "Elixir magikoa", "Sevillako bizargintxoa", "Sirenatxoa" eta "Bazen behin... opera", besteak beste. "Kolas mago handia" Getxo Antzokian antzeztuko da, 18:00etan eta sarrerek 3,50 euroko prezioa dute.