Tabako denda irekita, Tudelilla taberna eta jatetxea itxita ,“punkyen etxeko” atean dozena erdi bat udaltzain eta giltzarrapo bat, dozena bat bizilagun espaloian eserita eta hamaika auzokide kuxkuxero zulo handia duen teilatuari so izan da gaur goizean Santa Eugenia kaleak erakusten zituen irudietako batzuk.
Gazteak beste etxe batera joango dira
Punky bizilagunek etxea eta txakurraz gain, beren ondasun ia guztiak galdu dituzte. “Udaltzainek esan digute behar-beharrezkoena baino ez hartzeko, bestea beranduago hartzeko aukera izango genuela, baina gero itxi dute dena eta orain gure gauza guztiak galdu ditugu” salatu dute. Udaltzainburuak, berriz, “mesedea” baino ez diela egin dio eta gazteek gauza batzuk atera zitzaten “arriskuan jarri naizela” gaineratu. Azkenean, udaletxera bidali ditu punkyak han kexatzera, “aginduak goragotik baitatoz”. Seguruenik, atea hormatuko dute. Etxegabekoek beren aldetik etxe hutsen bat begi puntuan daukatela baieztatu dute baino ez dute esan non dagoen.
Auzokideek, berriz, aitzakia izan dute goiz osoan zehar beraien aurreiritziak plazaratzeko. Horrela, batzuen arabera, jatetxea eta tabako denda izan ezik eraikin osoa erosita izango lukeen enpresabururen bat izango litzateke gertatutakoaren erruduna. Beste batzuek, berriz, “okupa alferrontziak” izan dituzte beren kritiken hizpide, amama batzuek defendatzen zituzten bitartean: “aingeruak ez izan arren, inorekin sartzen ez diren gazteak dira hauek”. Hori bai, amamek ulertezintzat jo dute beren aurrean Don Simon bricketik zurrutean egon den “hain neska liraina jende horrekin batu izanak”.