Europari erreparatuz gero, Europako Batasunak ez ditu hizkuntza-komunitate gutxiagotuetako eskubideak aintzat hartzen. Batasunak enpresen irabaziak lehenesten ditu, izan ere, Batasunaren arabera ez da euskaldunon hizkuntza-eskubiderik urratzen produktu bateko etiketan agertzen den informazioa 22 hizkuntzatan agertuz gero, nahiz eta horien artean herri honetako berezko hizkuntza egon ez. Are gehiago, Europako Batasunak ez du baimentzen berezko hizkuntzen erabilera derrigortzea. Horra hor aniztasunean bat eginik leloa duen erakundearen jarrera totalitarioa.
Zer esanik ez dago bi Estatuen jarrerez. Frantziako Estatuak esfortzu handiagoa egiten du ustezko mehatxua den ingelesari bideak ixten, lurralde horretako biztanleen eskubideak bermatzen baino. Espainiakoak, aldiz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak gaztelaniatik besterik ez dituzte eraiki, eta beraz, gure hizkuntzaren arrastorik ez da ageri indarrean dagoen araubidean.
Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politika glotozidari jarraiki, geure eskubideen existentzia ukatu zuen iaz onartutako legerian. Are gehiago, hizkuntza-eskubideak propio jasotzeko eskaerari muzin egin zion, eta lurraldean gaztelania hizkuntza bakarra bailitzan jokatu zuen. Horren isla legea bera gizarteratzeko argitaratutako liburuxka elebakarra dugu, jakinik Espainiako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Europako Ituna berretsitakoan hartutako konpromisoetako batek direlako hizkuntza gutxituetan zabaltzeko eskatu zuen arren.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzaile eta erabiltzaileon hizkuntza-eskubideak aitortu ziren 6/2003 Legearen bidez. Aurrerapauso handia, zalantzarik gabe. Hala ere eskubideen galdagarritasuna oztopatzen zuten bi faktore egon dira: progresibotasuna eta aitortutako eskubideen balizko eraginkortasuna.
Bigarren mailako eskubideak
Legean une oro agertzen da eskubideak arian-arian bermatzeko bitartekoak jarriko direla, baina eperik ez du zehazten tempus horien gainean. Halaber, Legearen garapenerako aurreikusi ziren Dekretuen zain gaude, indarrean sartu zenetik hiru urte joan diren arren.
Bestetik, hizkuntza-eskubideak berriz ere bigarren mailakoak dira. Izan ere, beste eskubideen urraketen aurrean zehapenak eta zigorrak aurreikusten badira ere, hizkuntza-eskubideen urraketak ez ditu arautzen. Beste behin, merke aterako da horiek urratzea.
Eta horren aurrean ere euskaldunok kexu! Eta, berriz ere entzun behar kexatzen besterik ez dakigula. Ez al dira ohartzen euskaldunon kexa edo aldarrikapena sistematikoki urratzen zaizkigun oinarrizko eskubideetan oinarritzen dela? Akaso euskaldunok onartu behar dugu geure eskubideen bermea enpresen edo zerbitzu emaileen borondateak baldintza dezaketela? Erabat onartezina da gure oinarrizko eskubideen bermea Ikeak, France Telecomek edo Endesak unean-unean gure hizkuntzarekiko izan dezaketen (in)tolerantziak ezartzea.
Merkealdiak amaitu berri dira, eta beste behin geure eskubideak urratzea merke atera zaie enpresei eta zerbitzu-emaileei, izan ere, Euskal Herrian kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak salgai-hondarrak besterik ez dira.
Paul Bilbao / Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria