Sindikatuaren kalkuluen arabera, Aidari 2.085,60 euro zor zizkion enpresak eta diru kopuru hori aldarrikatu zuenean lanpostutik bota zuten bere kontratuak zehazten zuen probaldiaren azken aurreko egunean. Halere, eta Nagoreren aldeko lekukotasuna izanda ere, epaiketa galdu zuen, “antza, arrazoi burokratikoak direla medio”.
CNTk gatazka laboralean sartzea erabaki zuen eta hainbat kontzentrazio burutu du kafetegiaren aurrean, “emaitza nahiko onak” eskuratu dituela. Azken boladan, bazkalorduan egiten dituzte mobilizazioak, “nahi dugun eragina sortzen dutela. Izan ere, lokalaren erabiltzaile eta kontsumitzaile askok, jabeek gure lankideei egindako injustiziaren berri izatean, bere elkartasuna adierazi eta jatetxearekin ez kolaboratzea erabaki du”. Azken aparteko mobilizazioa Emakumeen Egunean burutu zuten, Bilboko manifestazioan kanporatutako beharginen aldarrikapenak pankartaz eta esku orriz zabaldu zituztela.
Baina, CNTtik argi utzi nahi dute Megapark Cafearena ez dela kasu isolatu bat, Megapark merkataritza guneko Leroy Merlin, Ikea, Decathlon eta bestelako enpresetan ematen den “lan baldintza eskasen” adibidea baizik. Sindikatu libertarioaren arabera, ehunaka dira behin-behinekotasun egoeran dauden beharginak Megaparken. Gainera, Barakaldoko langabetuen asanblada, ESK, ELA, Berriotxoa, Argitan, JOC eta CNT berak urtarrilean Ezkerraldea osoan salatu zuten langile gehienek jardunaldi erdia edo gutxiago dutela, 345 bat euro kobratuz. Egun osoko soldatak ere ez doaz oso urrun: 720 bat euro. Era berean, kontratu ohikoenak “lana amaitu arte” (Ikean), “hilabete baterako” (Toys’r’Us eta Decathlon) edo “hiru hilabetetarako” (Leroy Merlin), edo hilabeteak jarraian lan egiten duten beharginei jarraian egiten dizkieten ordukako zein eguneko kontratuak direla salatu dute. Gainera, aparteko orduak ez dira balio duten kopuruetan zenbatzen edo, zuzenean, “ez dira ordaintzen”.
Protestaldiaren egitaraua:
- 10:30ean, irteera Barakaldoko CNTren egoitza sindikaletik.
- 11:00etan, Artaza hotelaren aurrean, kontzentrazioa.
- 13:00etan, auto-karabana.
- 14:30ean, elkartasun bazkaria.
- 18:30ean, manifestazioa Barakaldoko San Bizente plazatik.
- 21:30ean, Ez Jaun Ez Jabe talde libertarioak antolatutako kontzertua Barakaldoko Dorretxea gaztetxean.