Getxo udalerriko zaborrak Zabalgarbira eramatea "oztopatu" zutela harro zioten, 2005eko maiatzean, EB-Berdeek. Halandabe, ematen du Luis Almansa Getxoko PSE-EEko bozeramaileak azken egunotan salatutakoa egia dela eta hondakinek erraustegirako bidea egiten ari direla, Jatako zabortegira eraman beharrean. Hainbat komunikabidek jasotakoaren arabera, Iñaki Zarraoa alkate jelkideak argi eta garbi dio Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostutako hitzarmenak ez duela zarama Zabalgarbira eramatea baztertzen. Iñaki Urkiza Getxoko EB-Berdeen eledun eta hautagaiak, ordea, hori egiaztatzen bada, "beharrezkoak diren neurri politiko eta judizialak" hartuko dituela iragarri du. Kontua da, hilabete batean, udal gobernuko bazkide diren EAJk eta Ezker Batuaren iritziek talka egiten duten bigarren aldia dela. Udal hauteskundeetarako gutxi gelditzen dela, aurrekoan Getxorako hirigintza egitasmoaren inguruko adostasun eza azaleratu zuten biek. Argazkian, zaborren transferentzia gunea.