Goizean Barakaldoko Dorretxea gaztetxea hustu eta bota egin dutela salatzeko protestetan parte hartzeko deia egin du Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxeak. Zentro autogestionatuak salatu du Ertzaintzak gazteen aurka oldartu, herria okupatu eta pertsona bat atxilotu izana. Era berean, salatu du hainbat zauritu egotea, haietako bat hondeamakina batek oina zapaldu diona, gaztetxetik hainbat gauza berreskuratzen saiatzen ari zela. Izan ere, Dorretxeko gazte asanbladak nabarmendu du ez dela "inolako segurtasun neurrik" erabili eraikina botatzeko. Goizeko 11:30erako Dorretxea gaztetxea hondakin pila baino ez zen. Bestalde, bi dira gaurko zabaldu diren deialdiak, lehenengoa, Gaztesareak iragarria, 19:30ean Bide Onera plazan; eta Itzubaltzeta gaztetxeko kideek jakinarazitakoa, ordu erdi beranduago Zaballa kalean, Barakaldoko metro geltokiko Elkano kaleko irteera ondoan. Era berean, larunbat honetan ere manifestazioa egongo da, arratsaldeko 8etan eta datorren larunbatean martxa izango da, Ezkerraldeko eta Olabeagako zentro autogestionatuen defentsan. Argazkian, 2005eko irailaren 6an Dorretxeko kideek kanporaketa saiakera baten ostean emandako prentsaurrekoa. Gai honi buruzko berri gehiagorako: Gaztesarea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!