Itzubaltzeta / Romoko G.F. gaztea askatu dute gaur 14:50ean, Barakaldoko epaitegietan epailearen aurrean deklaratu eta magistratuaren ongi iritziarekin Espainiako Poliziak ADN aztarnak hartu ostean. Gaztea atzo eguerdian atxilotu zuten kalez jantzitako hainbat polizik Barakaldoko Dorretxea gaztetxearen eraispenaren ostean edukiontzi batzuk gurutzatu zituelakoan. Poliziaren arabera, G.F. "in fraganti" hartu zuten "kale istiluak" eragiten eta, gainera, "erresistentzia" jarri ei zuen. G.F.k, berriz, azaldu du meategi unibertsitate eskolara ikastera zihoala atxilotu zutela eta ez zuela erresistentziarik jarri. Atxiloketa hori eta Dorretxea gaztetxea bota izana salatzeko Itzubaltzeta gaztetxeak manifestazioa antolatu du gaurko, 20:00etan, Kolas plazan. Era berean, etzi, larunbatean, hainbat jardueretan parte hartzera deitu du: goizeko 9etan, gaztetxetik mendi txangoa Gorbeiara; 14:30ean, Leioako Gazte Eguneko herri bazkaria eta bestelako jarduerak; 20:00etan, Barakaldoko Bide Onera plazan Dorretxea gaztetxearen aldeko manifestazioa. Argazkian, hondeamakina Dorretxea gaztetxea botatzen / Gaztesarea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!