Gazte Eguna ospatuko dute bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 23a, 13:55

"Gazteok autogestioaz... Leioa berria" lelopean, martxoaren 24rako IV. Gazte Eguna antolatu du Leioako Gazte Asanbladak. Goizeko 11etan hasita, gazte olinpiadak, azoka, haurrentzako jolasak, txalaparta tailerra, hankapaluak eta puzgarriak izango dira Tigre plazan. 14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egingo dute eta 17:00etatik aurrera herri txikiteo musikatua. Ondorengo ekitaldian Plaza Gorrian izango dira, bertan izango baitira kontzertuak. "Paregabeko eguna hortaz gazteon artean igarotzeko", diotenez. Gazteriari, egunaren prestaketan eta egunean bertan parte hartzeko deia egin dio gazte asanbladak. Leioako Gazte Asanblada otsailaren 9an Udondo gaztetxean ospatutako jaialdian aurkeztu zen jendearen aurrean, 60 bat lagun bertan zirela. Hilabete erdian Gazte Eguna prestatzen ibili dira. Argazkian, otsailaren 9ko aurkezpen ekitaldia.

Otsailaren 9an irakurritako sortze agiria:

Duela 10 urte jada, gutxi gora behera, Leioako gazteak asanblada batean antolatzen hasi zirenetik, Mendibile eta Udondo eraiki ditugu. Aurten, Leioako gazteria batzeko helburuarekin, gazte asanblada sortu dugu, herri honetako gazteriaren tresna izango dena gure arazoei era kolektibo batean erantzuteko.

Sumisioa eta desberdintasun sozialak bultzatzen dituen eredu bat inposatzen digute, baina guk autogestioa eta asanbladaren bitartez, gazteon inplikazio zuzena bilatzen dugu gure herriari bizia emateko, Leioako bizitza sozial eta kulturalean parte hartuz, herri partehartzailea eta justua eraikitzeko helburuarekin.

Hemendik aurrera guztion ardura izango da gazte asanblada indartzea, herriari bizia emanez eta gazteok komunikatu ahal izateko espazioak bilatuz, gazteok batu eta elkar borrokatzeko. Tailerrez, kontzertuz, hitzaldiz, mahainguruz eta beste hainbat jarduerez beteriko gaztetxea dugu gure esku. Gazteok eraikiko dugu gazteontzako aisialdia. Eta gure lana da gaztetxea gazteon erreferentea bihurtzea.

Urte honetan Leioako gazteriaren diagnosia egingo dugu; berehala hasiko gara lan honekin. Horretaz gain, gazteria gonbidatu nahi dugu Leioako IV. Gazte Egunaren prestaketan parte hartzeko. Guztion parte hartzea ezinbestekoa da.

Bizirik bizitzeko gazte asanblada eta gaztetxea egunero!

Autogestioaz eta borrokaz gazteok Leioa berria eraikiko dugu!

Leioako Gazte Asanblada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun