Goizeko txandan jende uholdeak heldu dio Korrikari Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 26a, 14:10

Euria birritan egin badu ere, horrek ez du izutu Uribe Kostako euskaltzalegoa. Erositako zein eskolan egindako petoa soinean, handiek eta txikiek egin diote harrera beroa Korrikari. Goizeko txandan, 43 kilometro egin ditu eskualdean euskararen aldeko lasterketak. Maruritik etorrita, Lemoizen, Andrakako jai batzordeak lekukoa hartu duenerako, hamar minutuko atzerapena zekarren. Erritmoa moteltzen ere ibili dira antolakuntzakoak, "ordutegiagatik parte hartu ezin zuten ikastetxeei ere aukera emateko", batez ere Getxo aldean, Iratxe Marta AEKko Uribe Kostako arduradunak adierazi duenez. Ondorioz, beste ordu laurdeneko atzerapena metatu da. Algorta aldean, ordea, hainbat kirolarik hartu dute lekukoa, tropelari abiadura emanez. Bizkaiko Zubian, Raspas arraun taldekoek Portugaleteko koadrilen ordezkariei txanda pasa egin dietenerako lau minutuko atzerapena baino ez zeukan Korrikak. Arratsaldean, beste arraun talde batek, Lutxanak, ekarriko du lekukoa Barakaldotik Erandioko gasolinoraino, 16:50ak aldera. Ondoren, Altzaga, Astrabudua, Leioa, Goiherri eta Erandio Goikoa zeharkatuko ditu lasterketak, Enekurin Uribe Kostari agur esateko, 18:45ak inguruan. Argazkian, eskuinera, Aimar Hidalgo eta Galder Bilbao "Txapi" preso ohi algortarrak Korrikaren lekukoa eramaten.

Goizeko 5:20an hasi dira metatzen Andraka jatetxe ondoan antolakuntzako kideak eta auzokide animatuenak. Zuziekin berotuta egin dute denbora Korrikako kanta errepertorioa entzuten zutela. 6:20 inguruan, hamar bat minutuko atzerapenarekin, iluntasunetik atera diren foku ikusgarriek ekarri dute Korrikako segizioa Uribe Kostara. Andrakako jai batzordeak hartu du lekukoa 852 kilometroan, oraindik antolakuntzakoek bere zalantzak zituztenean, udal hauteskundeak gainean ditugula, eskualdeko hainbat udalerritan egiten ari diren herri lanak direla eta. Dozenaka lagunek heldu diote bertan euskararen aldeko lasterketari eta metrotik metrora joan da kopurua handitzen: batzutan pertsona bakarrak, bestetan talde osoak, amak umeekin, balkoietatik furgonetari deika zeuden eta azkenean lasterka ere hasi direnak... Gorlizen parte hartze handiagoa izan du Korrikak; Plentzian, berriz, apalago; Barrikan beroketa eta guzti egiten ari ziren gehienek eta Urdulizen jende dezente batu da. Bitxikeriak bitxikeri, berton, ezker abertzaleak eta EAJk kilometroa partekatu dute eta bien arteko lekuko aldaketa ikusteko aukera ere egon da.

Zuzeneko arazoak

Hori da "zuzenekoak" daukana: unean uneko arazoak sor daitezkeela. Hain zuzen, Mecanerren arazotxoak izan dituzte petoekin. Buruhauste handirik ez, ordea. Horrela, Igeltsera eta Mentxakabarri zirenetatik igarota, Sopelan barrena abiatu da Korrika. Bertan hasi da osatzen jende oldea: Ander Deuna ikastola, Zipirine ikastetxea, auzo elkartea, Askatasuna eta beste hainbat eragileen bultzadaz ehunaka lagunek bete dituzte kaleak, Berangori lekukoa eman baino lehen. Honetan ere erantzun paregabea eman diote Korrikari euskaltzaleek.

Lasteketari heltzeko prest, Geroa ikastolara abiatu den neska-mutilez osatutako "manifestazioak" ehunaka eta ehunaka lagunez bete ditu Getxoko kaleak; Algortan milaka bilakatu direnak. Hain zuzen, bi herrien arteko mugan furgoneta aldaketa egin dute antolatzaileek. Algortako kaleetan barrena ibili eta, euren 25. urteurrena ospatzeko, Lauaxeta AEKko ikasle eta irakasleen lekukoa euskaltegi parean hartu ondoren, Neguri Langileko bizilagunek bete egin dute Algorta eta Itzubaltzeta arteko "basamortua". Azken herri horretan ere hainbat eragilek erantzun dute eta mila bat pertsonak egin du Areetako Bizkaiko Zubirako bidea.

Lemoizetik Areetara etengabeak izan dira euskararen aldeko leloak eta presoek ere presentzia handia izan dute. Bestalde, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskarazek (Gu EHE) 30 bat bide seinale ezabatu du Korrikaren ibilbidean zehar, euskaraz irakur zitekeena bakarrik utziz.

Eskualdeko komunikabideak

Uribe Kosta eskualdeko komunikabide ugarik ere heldu nahi izan diote Korrikari, argazkiak ateraz, internet bidez informatuz eta zuzeneko irrati emisioak eginez: UKBERRI.NET eta "UK" aldizkaria izan dira lanean hasitako lehenak. Goizeko 7etan, berriz, zuzeneko irratsaioa abiatu du Koska irratiak: berri emaileak jarri dituzte hainbat herritan eta kronika egiten eta jendea elkarrizketatzen ibili dira. Era berean, unitate higikorra izan dute ibilbide osoan zehar, guzti horrekin, hiru orduko saioa osatzeko. Bestalde, Plentzia Telebista (PTB) irudiak hartzen ibili da Plentzian eta Gorlizen; eta Getxo irratiko kazetariak kaleko elkarrziketak egiten ibili dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun