Arratsaldeko saioan ere ehunaka euskaltzalek hartu dituzte kaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 26a, 23:35

Altzagan zein Astrabuduan 15:45etik hasita egin dituzte "beroketa lanak": txarangaren doinuak lagunduta, txokolatea edo kafea eskuan itxaroten egon dira ehunaka lagun eta Berbotsu panpina, euskararen aldeko lasterketa heldu artean. Ez du lan erraza izan, ordea, Korrikak: Barakaldoko udaltzainek ez dute bidea moztu eta ertzainek nondik joan behar ziren ez zekiten; baina, azkenean, itsasadar ertzera iritzi dira korrikalariak, 16:50ak aldera. Bertan, traineruz eraman dute lekukoa Lutxanako arraunlariek Erandioko gasolinoraino; eta, Eskuinaldera igarota, Altzagako ikastolako neskato batek txanda hartu orduko, ehunaka euskaltzale batu zaizkio atzean. Mikel Arieta-araunabeña alkatearen baimenarekin, Korrika bera izan da etzi ofizialki zabaldu behar duten Obieta kalea estreinatzen lehena. Horrenbestez, Altzaga, Astrabudua, Leioa, Goiherri eta Erandio Goikoa igarota Bilborako bidea hartu du lasterketak. Apirilaren 1ean Iruñean dugu hitzordua euskaltzaleok. Argazkian, Lutxanako arraunlaria lekukoa Uribe Kostara bueltatzen.

Eskolan egindako petoak soinean, dozenaka eta dozenaka ziren Ignacio Aldekoa ikastetxe parean bildutako neska-mutilak. Batzuk, ordea, erritmoari ezin eutsi eta aita-amen besoetan jarraitu behar izan diote lasterketari. Berandu ere iritzi da gurasoren bat eta semearen errieta entzun du horregatik. Astrabuduara bidean, Udalak hartu du lekukoa Erandio basamortuan eta, horrenbestez, Leioarako bidea egin du Korrikak. Berton, arazoak izan dituzte udaltzainek errotondetako batean zirkulazioa bideratzen eta lasterketa ez aurrera eta ez atzera gelditu da hainbat denboran, 10 eta 15 minutu artean atzeratuz. Kale leioaztarretan barrena, hainbat eragileren babesa jaso du euskararen aldeko lasterketak. "Euskal presoak euskararen herrira" eta beste hainbat lelo entzun dira. Txorierriko lurraldera iritzita, tropelak ehunaka korrikalari utzi ditu atzean, sokatirako nesken "tiraldiak" eta aldapa malkartsuek eraginda. Halabaina, ehun lagun artean mantendu da uneoro . Azkenik, Asuan joan zaigu Uribe Kostatik Enekuri bidean Korrika. Bilbora bidean, Herri Norte Taldeak (HNT) hartu du lekukoa eta hain erritmo bizia jarri dutenez, bidea ezin ikusi eta errepidez erratu da furgoneta. Baina, badirudi heldu helduko dela Iruñeara. Bitartean, Erandio Goikoan txokolatea eta mokadutsoa hartu eta Leioan Patxi "bat, bi, hiru" ikuskizunarekin gozatzen geratu dira hainbat euskaltzale.

Sarean ere arrakasta

Hainbat egunetan saretik kanpo egon da Korrika.org webgunea. Euskararen aldeko lasterketak Internet bidez ere arrakasta duenik ezin da ukatu: horrenbeste bisitarekin ostiralean zerbitzariarekin arazoak izan eta beste bat hartu behar izan dute antolatzaileek, Igor Elordui AEKko komunikazio buruak azaldu bezala. Halabaina, sarean dugu berriro Korrika.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun