Kaleratutako Getxoko udaletxeko atezaina ez dute bere lanpostura itzuliko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 27a, 21:14

Getxoko Udalaren aurkako azken epaiaren gaineko balorazioa eman du gaurko prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa alkateak. Getxoko PPk izan zuen hizpide pasa den astean sententzia. Horren arabera, bere lanpostutik 2003ko azaroan kendu zuten udaletxeko atezainak horretara bueltatu behar du eta urte hauengatik dagozkion soldata eta osagarriak jaso beharko ditu. Zarraoak aurreratu du ez dutela bere lanpostuan berriro jarriko, epaileak duela urte batzuetako gertakariak aztertu dituelako bakarrik, "gerora sententzia bera, data jakin batetik aurrera baliogabetzen duten urratsak eman zirela jakin barik". Edozelan ere, aztertzen ari dira langile horrek kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik ote duen ala ez. “Bere eginkizunetatik kendu zuten lanpostu hori beren beregi sortu gabe zegoela, baina, gerora, plantilla organikoan sortu, eta lehiaketa publikoaren bitartez, beste pertsona batek eskuratu zuen. Esan gabe geratu da ere lehengo atezainak lehiaketa publikoaren kontra egin eta auzitegiak ez ziola arrazoia eman orduan, lanpostuari zegokion hizkuntza eskakizuna ez zuelako betetzen”, azaldu du udal agintariak. Argazkian, Getxoko udaletxea.

Zarraoak argi utzi nahi izan du ere lehengo atezaina bere lanpostutik kentzeko erabakia ez zela Gobernu Taldearena izan, Udalaren zerbitzu juridiko-teknikoena baizik. "Hauen arabera, EAEko Funtzio Publikoren Legeak ez zion aukera ematen pertsona bati lanpostua aldatzeko (lehiaketa publiko batean Udalean betetzen ez zuen beste lanpostu bat lortu zuelako) eta zerbitzu-eginkizunetan betetzen zuen lanpostutik derrigorrez kendu behar zutela", alkateak emandako azalpenen arabera.

Azken zazpi urteak

Getxoko Udala azken 7 urteotan nahastuta egon den epaiketen emaitzen berri emateko agerraldian baloratu du azken sententzia hori Zarraoak. Udal mandatariak aurkeztutako txostenaren arabera, tokiko erakundea 1999 eta 2006 urte artean nahastuta egon den auzibidetako %80 bere aldekoak izan dira. Auzien %17 ez ziren bere aldekoak izan eta %3 aldekoak zati batean baino ez. Datu horien bitartez, Getxoko PPk Udalak galdutako epaiketen harira egindako akusazioei erantzuna eman nahi izan die Zarraoak. “Txosten honek erakusten du epai gehienak Udalaren aldekoak direla; beste gauza bat da sindikatuek bakarrik eurek irabazten dituztenen berri ematea eta galtzen dituztenak ezkutatzea. Zabaldutako datuen aurrean PPri galdetu beharko litzaioke ea auzien %80 irabazten duen Udalak, arrazioa duela uste duenean gainera, bere edo herritarren eskubideen alde egiteari muzin egin diezaiola nahi duen”, esan du.

Aipatu urteetan Udalak izan dituen auzibideetatik gehienak langileekin zerikusia izan zuten (193), ondoren hirigintzarekin lotutakoak daude (135), eta, oso urruti, Barne Erregimenarekin (16) eta Udaltzaingoarekin (5) zerikusi dutenak, besteak beste. “Udaletan gauzarik arruntena hirigintza arloko gaiei lotutako auziak izatea da, bere inguruan interes handiak sortzen direlako. Behargineekin lotuta horrenbeste epaiketa izatea 2006an Udaltzaingoarekin izandako auziaren ondorioa da”, azaldu du Zarraoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun