Indiako Anantapur inguruetako emakumeak lagunduko ditu hiru urtez Berangoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 27a, 23:29

Lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Miren Dobaran Berangoko alkateak eta Irune Pascual Vicente Ferrer Fundazioko ordezkariak. Hiru urteko lankidetza bermatzen du hitzarmenak, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeari laguntzeko. Udalak 12.000 euroko laguntza bideratuko du urtero, hainbat kooperazio egitasmotan erabiltzeko. Halanola Anantanpur (India) inguruetan, munduan bazterkeria handiena jasaten duen dalits kastari laguntzeko. Bi erakundeek aurrez eginiko lankidetzari esker, dagoeneko emakume ezinduentzako bost egoitza eraiki dira bertan. Anantapurreko emakumeei bekak eskaintzeko ere laguntza eman du tokiko erakundeak. Garapenerako akordioarekin "asebeteta" agertu da Dobaran. “Beharra dutenekin konprometitutako Udala gara, gure aurrekontuaren %0,7 bideratzen baitugu lankidetza egitasmoetara. Vicente Ferrer Fundazioarekin elkarlanean aritzeak dalits kastako emakumeei laguntzea ahalbidetzen digu”, esan du, hilabete honetan izan den Emakumeen Eguna ospatzeko "modurik onena" dela gaineratuz. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Dobaran eta Pascual hitzarmena sinatzen.

Berangoko Udalaren diru laguntzarekin behi eta bufalo emeak erosiko ditu Vicente Ferrer Fundazioak, bertoko emakumeak "ekonomikoki burujabeak" izan daitezela ahalbidetzeko. "Horrela, abereetako bat ematen zaien emakumezkoek esnea kontsumorako erabili eta soberakina saldu ahal izango dute, eurentzako diru sarrera lortuz eta bikote harremanetan berdintasuna sustatuz", azaldu dute. Halandabe, irabazi horiekin ordaindu beharko dute behi edo bufalo emearen prezioaren hiru laurdenak. Diru horrekin abere gehiago erosiko dituzte beste emakume batzuei emateko. Esnea biltzeko, berriz, zisterna-kamioia igaroko da egunero herrixketatik.

Erizainak

Bestalde, Anantapurreko emakumeei oinarrizko osasun-trebakuntza ematea du helburu fundazioak, sorospen eta lehen laguntza ikastaroen bitartez. "Herrixka bakoitzean, pertsona esanguratsuenek osatzen duten Garapen Batzordeak aukeratuko du lan hori egiteko egokienak zeintzuk diren", aipatu dutenez. Egin beharrekoen artean, erditzeetan lagundu, bizilagunak higiene ohituretan trebatu, osasun arloan hezi eta zauri eta gaixotasun arinak tratatu beharko dituzte; larriak diren kasuak ospitalera bideratuz. Vicente Ferrer Fundazioak adierazitakoaren arabera, hileko soldata izango dute erizainek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun