Gizon bat atxilotu dute Areetan izandako sexu erasoaren egilea delakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 28a, 21:09

Ertzaintzak I.B.B. 34 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo goizean Getxo udalerrian (ez dute gehiago zehaztu), sexu eraso delitua egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Ertzaintzak zabaldutako bertsioaren arabera, joan den martxoaren 21ean, susmagarria neska gazte batengana hurbildu zen Gobela kalean, Areetan, zigarro bat eskatzeko. Orduan, hormaren aurka indarkeriaz bultzatu eta hainbat ukitu egin zizkion. Eraso horri aurka egin zion emakumeak, eta heltzen ari zitzaion pertsona hori saihestu eta laguntza eske ihes egin ahal izan zuen. Horren aurrean, erasotzaileak presaka alde egin zuen. Biktimak polizia autonomikoari gertakariaren berri eman zionean, honek ikerketa abiatu eta susmagarria identifikatu zuen. Horri esker, atzo goizean atxilotu zuten. Bestalde, joan den astelehenean, hilak 26, elkarretaratzea egin zuen iluntzean Algortako Telletxe plazan Getxoko Bilgune Feministak, ostiralean Zorrotzan gertatutako hilketa salatzeko. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun