"Ikasle borrokaz lortuko dugu! Eskubideak eskuratu!" lelopean, ikasleon bederatzi eskubideen (Euskal Ikasleon Eskubideen Kartan jasoak) aldeko mobilizazio eguna deitu du ostegun honetarako, martxoak 29,
Ikasle Abertzaleek (IA) erakundeak. Horrez gain, unibertsitateetan greba orokorra izango da Bologna prozesuaren aurka. Gauzak horrela, 12:30ean Bilboko Arriaga plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte hiriburu inguruko ikasleak: Uribe Kosta eskualdetik metroan helduko dira Ezkerralde eta Bilboko zutabeekin bat egiteko. Hala ere, bakoitzak erabaki du zelan heldu dagokion geltokira: Leioako Barandiaran ikastetxetik patinez 10:30ean abiatuta (bidean murala egingo dute), Sopelako
Ander Deuna ikastolakoek 11:00etan herritik bizikletada egin eta gero eta Getxoko
Aixerrota institutuko neska-mutilek Telletxen kontzentrazioa egin eta gero, 11:15ean, besteak beste. Algortako
San Nikolas ikastolakoek ere parte hartuko dute elkarretaratzean, zentroan parodia antzeztu ostean. Argazkian, biharko greba deialdiari begira,
astelehenean, Leioako campuseko Segik egindako Bolognaren aurkako ekintza /
Gaztesarea.