Euskara sustatuko dute kirol talde getxoztarretan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 28a, 23:26

Kirol jardueretan euskararen erabilerari aukerak zabaltzeko, hitzarmena sinatu dute gaur Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak. GEHI-Kirola egitasmoaren bitartez, euskara dakitenek erabil dezaten, ikasten ari direnek praktikatzeko aukera berriak izan ditzaten eta, ez dakitenen artean, euskararekiko interesa sustatuko dituzte. Imanol Landa zinegotziak azaldutakoaren arabera, “euskara kirol jardueretan sustatzea oso garrantzitsua da gure hizkuntzaren erabilera berpizteko planaren barruan oso esparru estrategikoa baita”. Azken urteotan udalerriko aisialdi taldeekin egin bezala, Bizarra Lepoanek lan hori koordinatu eta bultzatuko du, hitzarmenari esker. Argazkian, orain lau urte 23 aisialdi taldek sinatu zuten Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena (GEHI).

Getxo udalerriko 50 kirol talde aztertu eta Euskara Zerbitzuak burututako ikerketaren arabera, egun, 10 begiraleetatik 6 inguru euskaldunak dira, baina zuzendaritza kideen artean %25era ere ez da iristen. Bestalde, hiru klubetik bik euskaraz dute taldearen irudia eta errotulazioa, baina harremanetan erabilera baxuagoa da. Euskararekiko interesari dagokionez, %68k uste du euskara sustatzeko ahaleginak egitea neurri egokia izan daitekeela. Ildo horren, Udalak euskara sustatzeko hiru motatako hitzarmen sinatu ditu 36 entitarekin, euren interesa eta aukerak kontuan harturik. Horrela, sentsibilizazio eta "euskara eta gaztelaniaren presentzia parekoa" izatearen alde lan egingo duen A hitzarmena 16 taldek sinatu dute; begiraleak euskalduntzeko ere lan egingo duen B hitzarmena, berriz, 11k; eta, azkenik, talde euskaldunak osatzea ere sustatuko duen D hitzarmena 9 klubek aukeratu dute. Horretaz gain, aholkularitza, itzulpen zerbitzua, euskara ikasteko dirulaguntzak eta prestakuntza ikastaroak emango dizkiete guztiei.

GEHI-Aisia

Bestalde, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak oso positibotzat jo du udalerriko aisialdi taldeetan euskara sustatzeko indarrean dagoen GEHI-Aisia egitasmoaren barruan egindakoa. Hain zuzen, duela lau urte hitzarmena sinatu zuten 23 elkartetatik 16k euskara sustatzeko neurriak hartu dituzte, Landak emandako datuen arabera. 447 gaztek parte hartu dute antolatutako jardueratan, besteak beste, begirale ikastarotan, trebakuntza ikastarotan edo gazte hizkera ikastaroan. Etorkizunari begira, aisialdian euskara sustatzen jarraitzeko asmoa iragarri du zinegotziak, Bizarra Lepoan elkartearekin ere indarrean dagoen hitzarmenaren bitartez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun