Deia egunkariak zabaldu bezala, udalerriko gazteek eta hainbat eragilek landutako proposamenak eta neurriak biltzen dituen Gazte Plana onartu berri du Urdulizko Udalak, bertoko gazteriaren beharrizanei erantzuteko asmoz. Ekainean hasi ziren lantzen: lehenengo fasean, osasuna, jendarte ekintza, etxebizitza, lana, aisialdia eta kultura esparruetan, herriko neska-mutilen eskura dauden azpiegitura eta egitasmoak zerrendatu zituzten. Bestalde, telefono bidezko inkestak egin ziren. Eta irailean, hartu emanetan ibili ziren gazteak eta kultur, kirol eta jendarte eragileak. Batzar horietatik atera zen planaren zirriborroa. Horren azterketa egin ostean, epe ezberdinetan burutu beharreko 80 ekintza baino gehiago jasotzen dituen azken txostena dute esku artean.