Ingurumena babesteko udal ordenantza du Gorlizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 29a, 21:06

Ingurumena babesteko bere lehenengo ordenantza onartu berri du Gorlizko Udalak. Horren arabera, 1.202.024 euro arteko isuna jasoko dute delitu ekologiko larrienak egiten dutenek, hala nola, beharrezkoa denean ingurumenaren gaineko baimenik eduki ezean obrak egiteagatik edo zaharberritze eta aldatutako espazioen berreskuratze administrazio arauak ez betetzeagatik. Udal teknikarien ikuskapenak oztopatzeagatik (delitu larria), berriz, 24.040 eta 240.404 euro bitartekoa izango da zigorra. Azkenik, 300etik 24.040rako isuna izango dute eskatutako datu edo agiriak ematen atzeratzen direnek. El Correo Españolek jasotako adierazpenen arabera, "irabazi asmorik ez" dutela nabarmendu zuten udal agintariek. Ion Landa Hirigintza zinegotziaren hitzetan, "ingurumenari kalte egiten dionak ordaindu dezala baino ez dugu nahi". Argazkian, Gorlizko kanpin ingurua.

Publikoak ez ezik, pribatuak diren berdeguneak ere arautzen ditu ordenantzak. Horrela, egoera onean mantendu beharko dituzte jabeek euren lorategiak: "osasunerako kaltegarria edo su hartzen erraza" izan daitekeen sasitzarik gabe, besteak beste. Halaber, "hurbiletik" behatuko dituzte estoldetara egiten diren isurketak, "sortutako nahasketak sukoia, leherkorra edo toxikoa izan daitezkeelako". Zarama behar den orduan edo tokian ateratzea ere zigortuko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun