Getxoko hirigintza egitasmoaren harira, hainbat eragilerekin izandako elkarrizketak eta, EAJk egindako proposamenari, alderdi politiko ezberdinek emandako erantzunak baloratu ditu gaur Imanol Landa alkategai jelkideak. Getxoko PPk eskatuta bihar izango den ez ohiko udalbatzarra hizpide hartuta, Bilbo Metropoliaren LZPri (Lurralde Zati Plana) "intsumisioa" proposatzea egotzi die popularrei Landak. Aurretik argi utzi nahi izan du Marisa Arrue buru duen alderdiak "inolako proposamenik ez" duela, Getxoko hirigintza egitasmoaren gainean. EB-Berdeen ordezkariei, berriz, "urduri" antza hartzen die EAJko hautagaiak eta "kontraesan nabarmenetan" sartzea leporatu die: "Urkizak (Hirigintza zinegotzi getxoztarra) gauza bat esan eta Madrazok (Etxebizitza sailburua) beste bat. Halandabe, guztiz adierazgarria da bigarren horrek etxebizitza kopurua murriztea aipatu izana", esan du Landak. Azkenik, PSEk eta Aralarrek izandako jarrera "pozik" hartu dute EAJkoek. "Elkargune eta akordiorako gune garrantzitsua zabaldu da", Landaren hitzetan, alderdi horien hainbat iritzik jelkideen proposamenetik "hurbil" daudelako. Horrek gobernu hitzarmenerako bidea zabaltzen duen galdetuta, ordea, udal hauteskunde ostekoak "geroko kontuak" direla aipatu du alkategaiak. Getxo Bizia ezker abertzaleko plataformak egindako kritikak ahaztu egin ditu antza Landak. Argazkian, Imanol Landa Getxoko EAJko alkategaia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!