Greban ustez gertatutako istiluen gainean kontrako iritzia dute EHUk eta IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 30a, 21:12

"Ikasle borrokaz lortuko dugu! Eskubideak eskuratu!" lelopean, Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak deituta eta EHUko Ikasle Kontseiluak babestutako atzoko grebak biharamuna eduki du, dudarik gabe. Ohikoak izaten dira parte hartzearen gainean batzuk eta besteek ematen dituzten datuen arteko kontraesana. Baina, oraingoan, ustez izandako liskarrak eta txikizioak eragin dute tirabira. Atzo arratsaldez, EHUko Errektoretzak kaleratutako oharraren arabera, "indarkeriazko ekintzak" gertatu ziren unibertsitateko hainbat puntutan, "ikasleen sektore minoritario batek eragindako ekintzak, eta beldurraren bidez, ohiko jarduera akademikoa eteteaz gain, zenbait pertsonari eraso ere egin zieten; baita altzari publikoetan txikizio ugari ere". IAk, ordea, hori gezurtatu du: "argi eta garbi utzi nahi dugu ez dela izan inolako aurkaketarik piketeetan zeuden ikasleen eta klasera joan diren ikasle bakanen artean, ezta administrazioko edo bestelako langileekin ere. Soilik baieztatu digute Ibaetako Peritoseko fakultatean langile bik ostikadaka eta ukabilkadaka hartu dituela piketeetan zeuden ikasleak, baina ez diogu anekdota honi merezi duen garrantzia baino handiagoa eman nahi", adierazi zuen atzo, Gaztesarean argitaratutako oharrean, ikasle erakundeak. Argazkian, Bilbon ehunaka ikasle batu ziren / Gaztesarea.

IAk gaineratu zuenez, Leioan zein Ibaetan, ikasleen eta EHUk kontratatutako segurtasun enpresetako langileen artekoak izan ziren istilu bakarrak: "kasu bietan segurtasun zaindariak izan dira ikasleen aurka oldartu direnak. Alde batetik, Leioako kasuan, campusaren ateetako batean jarrita zeuden ikasleen aurka oldartu dira borra eta guzti. Bost ikasle inguru kolpatu dituzte besoetan eta buruan, eta prosetecnisetako batek belauna bihurritu du. Gasteizen, aldiz, zaindari deitzen diren hauek giltzaz itxi dute ikasle multzo bat liburutegian 20 minutuz eta ikasle bati zauriak eragin dizkiote", azaldu zuten atzokoan. EHUko Errektoretzak ere zaurituak egon zirela onartzen du, "unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako pertsonala, segurtasun langileak eta eskoletara beren borondatez joan ziren ikasleak" ordea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun