Behin betiko onartu dute Maidagan lurperatzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 30a, 23:34

Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontseilu Nagusiak gaur onetsi du Maidaganeko trenbide pasagunea kentzeko eta Ibarbengoako geltokia egiteko behin betiko eraikuntza proiektua. BGPk, ordea, ez du zehaztasun handiegirik eman lanak noiz hasiko diren esaterako orduan, Iñaki Zarraoa alkate getxoztarrak 2007ko bukaeran izango dela aipatu duen arren. Bitartean, pasonibela "ahalik eta lasterren" lurperatzea eskatzeko Getxoko PPk udalbatzarren aurkeztutako mozioa atzera bota dute EAJ, EA eta EB-Berdeek. Horrek udal hirukoaren aurkako "interesik eza" salaketak sortarazi ditu popularren zein PSE-EEren aulkietan. Bestalde, Sendoa elkarteko ordezkaria udaltzainek kanporatua izan da aretotik, alkatearen aginduz. Trenbidea Maidagan eta Berango artean osorik (Ibarbengoa barne) lurperatu dezatela eskatzen jarraitzen dute Getxo aldekoek. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Mikel Alava eta Gotzon Landeta Sendoa elkarteko kideak, artxibo irudi batean.

Maidaganeko proiektuak 34,7 milioi euroko aurrekontu partida dauka, bi lehiaketa publikotan banatuta, BGPk azaldutakoaren arabera. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak obra zibila adjudikatu beharko du. Horretarako, badago 24.625.950 euroko lizitazio aurrekontu bat. BGP gainegitura elementuez arduratuko da (seinaleztapena, komunikazio sistemak, ATN eta teleaginte proiektuak, ticketing zerbitzua eta elektrifikazioa). Horiek gauzatzeko ateko prezioa 10.084.994 eurotan zifratu dute. BGPk aurreikusi du Maidagan lurperatzeko eta Ibarbengoako geltokia eraikitzeko gehieneko epea 30 hilekoa dela, behin Eusko Jaurlaritzako Garraio Eta Herri Lan Sailak lehiaketa publikoa adjudikatuta. Hasierako proiektuari dagokionez, epe horrek 6 hilabete gutxituko du azpiegitura berriak martxan jartzea, obra biak bata besteari gainjartzean.

Lanek ez dute eraginik izango metroaren zerbitzuan. Izan ere, metroaren ibilbidea lurperatzeko lubakia eraikitzeko, zirkulazioa desbideratu egingo da, eta bide alternatibo paralelo batzuetatik ibiliko da, BGPren esanetan. Behin betiko lurpeko bide zatia 275 metrokoa izango da, lurperatzeko obrek alde bakoitzean 200 bat metro hartuko dituzten arren. Gainera, Ibarbengoako geltoki berria eraikitzeko beharrezko azalera ere hartuko da. Geltoki hori egungo Bidezabal eta Berangoko geltokien artean egongo da.

Udalbatzarretik kaleratua

Beste bi elkartek bezala, Maiganeko trenbide pasaguneari buruzko mozioa eztabaidatzeko baimena eskatu dio Alkatetzari Sendoak, araudiko 154. puntuari helduta. Iñaki Zarraoa alkateak, ordea, ez die hitzik eman prozesuaren parte direnik ez dutela "behar bezala" egiaztatu (hori eskatzen du araudiak) eta "udalbatza baino ordu erdi lehenago" aurkeztutako eskaera dela argudiatuta. Gauzak horrela, galde-eskeen txandan hitz egitea baino ez zaio geratu Mikel Alava elkarteko ordezkariari. Udal agintariak bere mintzaldia luze jotzen ari zela bota dionean sortu da tirabira. Alavaren "zentsura" salaketen artean, azkenik, kanporatzeko agindua eman die udaltzainei Zarraoak. Hori bai, aurretik, udalbatzarrean parte hartzeko eskaera deialdia argitaratu eta ordu erdira aurkeztu zuela aipatu du Sendoakoak.

Ibarbengoa barne, trenbidea Maidaganetik Berangora arte lurperatzea eskatzen du aspalditik (2000tik) Sendoak. 2004an, Bilbo Metropoliaren LZPri (Lurralde Zati Plana) aurkeztutako alegazioei honako hau erantzun zieten: "Proposatutako aldaketak hartzen duen eremuan eman daitekeen birdentsifikazioak horretarako tren zerbitzua eskaintzeko aukera juystifikatuko luke etorkizunean. Gauzak horrela, LZPk aurkeztutako ibilbide alternatiboa aintzat hartzen du xehetasunez aztertu ahal izateko". Hori gogora ekarrita eta Ibarbengoan emango den garapen urbanistiko eta enpresariala kontutan hartuta, proposatutakoari erantzuteko eskatu diete dagokien instituziei. Sendoa elkartearen hitzetan, ibilbide guzti hori lurperatuz, "15.500 metro koadro lur-eremu libratuko lirateke eta, hainbat bihurgune kenduz, 600 zerbitzu ordu aurreztuko lituzke Metro Bilbaok; baita lur gaineko trenbideak eragiten duen zatiketa saihestu ere". Horrekin batera, Getxoko toki guztietatik Ibarbengoako geltokira heldu ahal izateko (Mamarigan bezala) lur azpiko "tren txikia", tranbia, arrapala mekanikoak edo autobusak jartzea ere eskatzen dute. Horrenbestez, euren eskaerekin bat egiteko galdegin diote Getxoko Udalari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun