Algortako AAMren adierazpena:
Urtero bezala, martxoaren 30ean, Askatasuna eta Etxeraten aldetik, eta oro har Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aldetik, omenaldi xumea egin nahi diogu Xabier Galdeanori, hil zuten egunaren urteurrena iristen denean.
Xabier 1985eko martxoaren 30ean hil zuten Donibane Lohitzunen 51 urte zituenean. Xabier Bilbon jaio eta Algortan bizitza egin zuen euskal herritarra izan zen. Bere ibilbidean aipatu egiten da ikastolaren sorreran zereginetan ibili zela, nazio askapenerako borrokan konprometituta kartzelan izan zen, Eginen sorreran buru belarri murgildu zen. Eta 1982an ihes egin behar izan zuen Ipar Euskal Herrira. Gehiena beharbada EGINen sorreran eta bilakaeran jokatu zuen papera gogoratzen da. Bere bizitzaz gehien entzun duguna izan da ezagutu zutenen artean utzi zuen oroimen goxoa. Horregatik zure irribarretik hartzen dugu indarra leloa aipatzen dugu beti Algortan
Xabierren hilketa GALek hartu zuen bere gain. Eta GAL aipatzen dugunean Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriaren kontra bideratutako gerra zikina aipatzen da. Eta egia da. Xabierren hilketa Estatuaren gerra zikinaren ekintza izan zen. Baina, gerra zikina esaten dugunean batzuetan ematen du Euskal Herriaren kontrako zapalketa legala edo ez dakit zer denean, gerra garbia dela. Baina ez. Gerra zikina esaten dugun hori errepresio globalaren barruko unez uneko estrategia besterik ez da. Gerra zikina esaten dugunean zapalketaren estrategia aipatu behar dugu: Xabier hil zuten Euskal Herria zapalduta mantendu nahi dutelako.
Eta horretan gogoratu behar dugu Xabier hil zutenek gaur egun Espainiako gobernuan daudela. Horien asmoa, modu batera edo bestera, Euskal Herria zapalduta mantentzea da. Horregatik esan behar dugu, gerra zikina dela Euskal Herritarren hitza eta erabakiaren kontra bideratzen den errepresio mota guztia. Gerra zikina da askatasunaren alde borrokatzen dutenak espetxean izatea. Gerra zikina da alderdiak eta erakundeak legez kanpo mantentzea eta hauteskundeetan bozkatzeko aukerarik gabe ere utzi nahi izatea.
Euskal Herria ekimen pertsonal eta kolektiboa da. Argi esan behar dugu: herri honen kontrako errepresio politikoak amaitu beharra dauka, gerra zikin hori amaitu beharra dauka: HITZA ETA ERABAKIA, ASKATASUNEZ
Amaitzeko, eta Xabier gogoan, harrokeriarik gabe, baina harrotasun guztiarekin, esan nahi dugu errepresio zikin eta zital guztiei aurre egin eta Euskal Herriak zutik iraunen duela, Xabierren eta beste asko eta askoren borrokari eusten diotenen besoetan.
Eta Xabierrek ere bizirik iraunen duela, borroka horretan bere oroimenari eusten diogunon bihotzetan.
Eutsi borrokari
Eutsi Euskal Herriari
Gora Xabier
Gora Euskal Herria Askatua