Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaileak iragarri duenez, tokiko udal gobernuak aurrera eramandako kudeaketaren gaineko kontu-ikuskapena egitea eskatuko diote EAEko Kontu Auzitegiari popularrek, "legealdian irregulartasun ugari eman direlako". Ruizek "larrienen artean" jarri du diru bilketa exekutibo zerbitzua "ez datorrela bat" kontratazio legadiarekin. "Egun kanpoko enpresa baten esku daude Udalak zuzenean egin beharko lituzkeen hainbat lan", aipatu du PPko ordezkariak. Kanpoko enpresa batek egin ditzakeenak emateko, berriz, lehiaketarik ez dutela deitzen ulertzera eman du. Udal aseguruak ere "1985etik atzamarrez" kontratatzea leporatu die EAJ eta EAri Ruizek, "lehengo ehunaka milioi pezeta aseguru etxe zehatz bati emanez". Horrekin batera, etxebizitzen eraikuntzan zein herri lanetan hainbat enpresa "aberastea" egotzi diote Udalari popularrek. Argazkian, Getxoko Udalak ere horrelako salaketa jaso zuen, 2005eko azaroaren 21ean, tokiko popularren partetik.