Buru-eritasuna duten burmuinen lehenengo bankua koordinatuko du EHUko ikertzaile talde batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 3a, 12:48

"Europan ez dago buru-eritasuna duten burmuinentzako bankurik, nahiz eta badiren zenbait lagin-bilduma", EHUko iturriek zehaztu dutenez. Horrelako banku bat sortzea du xede Buru-Eritasunen eta Nahaste Afektibo eta Psikotikoen Sareak (BENAPS). Lankidetzan dihardutenen ikerketa-sare hori Carlos III.a Osasun institutuak sustatzen du. Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioari atxikitako erakunde publikoa da aipatutako institutua, eta biomedikuntzaren eta osasun zientzien arloko ikerketak bultzatzen ditu. Sare horren barruan, Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatuko du proiektua. EHUko ikertzaile nagusia (eta, beraz, burmuin-bankuaren proiektuko koordinatzailea) Javier Meana da, Erandio eta Leioako campuseko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko katedraduna. Meanak unibertsitateko neuropsikofarmakologiako taldea zuzentzen du. Horrek buru-eritasunen (bereziki depresioaren) jatorri biologikoa ikertzen du, eta tratamendu farmakologiko berriak garatzen ditu. Bestalde, taldeak 20 urte daramatza burmuin-laginekin lanean, eta gaur egun 500 lagineko bilduma garrantzitsua gestionatzen du. Argazkian, burmuinentzako bankua koordinatzen duen EHUko taldeko ikertzaile batzuk. Erdian, eserita, proiektuaren arduraduna, Javier Meana katedraduna.

Sortzekoa den bankuak depresioa, eskizofrenia eta nahaste bipolarra duten gaixoek emandako burmuinak gordeko ditu. "Burmuin horiei ezin hobeto egin zaie diagnostikoa, eta horri esker ikerketak egiteko aukerak gehiago dira; izan ere, ikertzaileek batera izango dituzte gaixoaren datu klinikoak eta bere burmuineko ehuna, balio izugarria daukana. Burmuin-emaileak datuen babeserako sistemaren babesa izango dute", azaldu dute EHUko iturriek. Antzekoak dira unibertsitateko taldeak sortu behar duen emaile-programa eta Medikuntza eta Odontologia Fakultateak duela bi hamarkada hilotz-emaileak izateko martxan jarri zuen programa. Burmuin-bankua sortzeko funtsezkoa izango da, bai gaixo horiek artatzen dituzten klinikoen laguntza, bai gaixoen elkarteen laguntza. Pazienteak, beraz, bere burmuina emango du, hil ondoren aterako zaiona eta ikerketarako prestatuko dutena.

Arduradunen hitzetan, "laginak eduki beharrean burmuin osoak edukitzeak ikerketa gehiago egin eta teknika gehiago aplikatzeko aukera ekarriko du". Burmuinak kontserbatzeko modu desberdinak daudenez (parafina, formola, izozketa…), nahitaezkoa da denek protokolo bera erabiltzea eta guztien jokamoldeak sistematizatu eta bateratzea; horrela burmuin guztiak modu berean tratatu, gorde eta etiketatuko dira, beren jatorria edozein delarik. Bankuak erregistro informatiko eta koordinatzaile bakarra izango ditu, baina bere kokapen fisikoari dagokionez, ziurrenik ez da zentralizaturik egongo. Dena dela, EHU izango da bere egoitzetako bat, "daukan esperientzia handia kontuan izanda". Burmuin bankuaren enbrioi bat martxan izango da lau urteren buruan.

BENAPSi buruz

Buru-Eritasunen eta Nahaste Afektibo eta Psikotikoen Sareari joan den abenduan eman zitzaion onarpena. Sarea hamazazpi taldek osatzen dute, nazioarteko aholkulari batzuen balioespena jaso ondoren onartu zirenak, hain zuzen. Gehienak ospitaleetako talde klinikoak dira, nahiz eta EHUkoa ez den talde unibertsitario bakarra. Burmuin-bankuaren programari ekiteaz gain, BENAPSek beste hiru egitasmori ekingo die. Hasiera batean lau urteko iraupena ezarri zaie programa horiei, eta diru-laguntza izango dute –milioi bat eta erdi euroko aurrekontu osoa lehenengo urterako baizik ez da–. Diziplinarteko programa horietako baten egitekoa da liburutegi birtual bat osatzea, buru-osasunaren eta urritasun mentalen arloko tresna eta metodologiak biltzeko: era guztietako galdetegiak, testak… (guztiak ere aldez aurretik frogatuak).

Beste programa batek genotipazioan lan egingo du. Gaixoen ADN laginetan alterazio genomiko edo genetikoak bilatuko ditu. Patologia desberdinak genotipatzen dituen Genoma España plataformarekin batera lan egingo du. Hirugarren proiektuak diana terapeutikoak identifikatu eta frogatuko ditu. Hiru proiektuetan hartzen du parte EHUko taldeak. Talde hori honako hauek osatzen dute: lehen aipatutako Meanaren neuropsikofarmakologiako taldeak, Gurutzetako Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko buru den Miguel Gutierrez mediku katedradunarenak, eta epidemiologian espezializatutako Javier Ballesteros irakaslearenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun