Eraikina ikuspuntu moderno batetik abiatzen da, bai bere barrualde balioanitzari dagokionez, bai lerro landudun aurrealdea eta arbel berdedun estaldura duen kanpoaldeko diseinuari dagokionez ere, udal iturriek aipatu dutenez. "Eraikin berriak duen alderik erakargarrienetakoa areto nagusia da. Eszenatokiaren ostean dagoen horma mugitu ahal izango da, horrela eszenatoki hori eraikinaren atzealdean kokatutako anfiteatro batera zabalik geratuko da. Modu horretan ikuskizunak eta bestelako jarduerak estalpe barik egiteko aukera egongo da", azaldu dute. Kultur etxe berriak 1.818,20 metro koadroko azalera eraikia dauka; horietatik azalera erabilgarria 1.661,50 metro koadrokoa da.
Hiru solairu
Eraikina hiru solairutan banatua dago. Beheko solairuan harrera-lekua dago, atari nagusia, areto nagusia eta zenbait gela. Atari nagusia erakusketak antolatzeko eta jarduera ibiltariak burutzeko pentsatua dago. Areto nagusiak 204 lagun hartzeko gaitasuna duen besaulki-patioa dauka eta minusbaliatuentzako zona bi ere baditu. Arestian esan bezala, eszenatokiak mugi daitekeen atzealdea izango du, beraz kanpoko eszenatokiak barrukoarekin bat egin ahal izango du, eta alderantziz. Lehenbiziko solairuan liburutegia dago, zuzendaritza bulegoarekin, liburuentzako biltegiarekin eta ikasteko gelarekin batera. Erdi-sotoko aretoa, berriz, neurri txikiagoko espazio gehiagotan bana daiteke, egingo diren ekintzen arabera. Solairu berean, baina beherago, areto nagusiko eszenatokien azpian, aldagelak eta biltegia daude.