Adinekoentzako 23 etxebizitza babestu egingo dituzte Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 3a, 20:06

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta eta Sopelako Udalaren laguntzaz, "gutxienez" bi urtez luzatuko dira 60 urtetik gorakoentzako etxebizitza babestuak altxatzeko lanak, udal iturriek zehaztutakoaren arabera. Sabino Arana kalera emango duen eraikinak bost solairu izango ditu, horietatik bi garajeak eta trastelekuak (lur arras azpian) jartzeko izango dira. Lehenengo solairuan karrerapea, atondoa, harrera-lekua, gela balioanitza, administrazio bulegoa, garbiketa gela eta sei apartamentu egongo dira. Bigarren eta hirugarren solairuetan, berriz, beste zortzi eta bederatzi etxebizitza, hurrenez hurren. Bi lagunentzako izango da pisu bakoitza, 30 eta 45 metro koadro artekoa eta egongela-sukaldea, logela eta bainugela izango ditu. Argazkian, adineko gizona usoei jaten ematen, artxibo irudi batean.

"Adineko pertsonek euren bizitokian ahalik eta denbora gehien ematea da horrelako eraikinen helburua, beste udalerri batetako zaharren egoitzara bidali behar ez izateko", adierazi dute udal iturriek. "Ahal den neurrian euren bizitza estiloa mantentzea da asmoa", gaineratu dute. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila arduratuko da apartamentuak zaintzeaz. Horien inguruko datu gehiago nahi duten lagunenek 944 640 417 telefono zenbakira deitzeko aukera dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun