Ostiraleko udalbatzarraren ostean, Getxoko EB-Berdeek adierazitako "gezur borobilak" gogor erantzun dituzte gaur federalisten udal gobernukide diren EAJk eta EAk. Iñaki Urkiza Ezker Batuko zinegotziak esandakoari aurre eginez, "errausketari ezetz borobila eman" diotenik edota "azkenean errausketak dakartzan kalteak onartu" dituztenik ukatu dute bi alderdiek. Erantzun txandan adierazitakoa berretsi dute EAJk eta EAk, hots, "hondakinak zabortegira eramatea ingurumen aldetik errausketa baino jasangaitzagoa eta arduragabeagoa" dela. Halaber, udal hondakinen kudeaketaren gaineko erabakia Agenda 21 udal egitasmoaren eztabaida-lekuaren eskuetara igaro denik ukatu dute. Hirukoak onartuta, udal idazkariari eskatu zaizkion bi txostenak Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko hondakinen kudeaketarako hitzarmena hautsi duen ala ez "argitzeko baino ez" dira izango.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!