Herri lanak direla eta, ibilbidez aldatu behar izan dute Kristoren pasio antzeztuaren kalbarioa, Berangon. Urtero bezala, Ostiral Santuan (bihar) egingo dute; baina Simon Otxandategi kaletik joan beharrean; Berangotxutik abiatuko dira aurten Munarrikolanda bidean, Gobela errekarekiko paralelo dagoen txaleten kaletik udaletxe atzealdearaino iristeko. Bertan antzeztu ohi dute gurutziltzaketa. Herri-etxean egiten ari diren lanak ere aldaketak eragin dituzte biharko ekitaldian. Inguruan hainbat eszenatoki jarri ohi dituzte: besteak beste, Herodes agertzen den pasartea tokiz aldatu behar izan dute. Aldaketak gora eta behera, 250 lagun inguruk parte hartuko du Arte Eszenikoen Lagunak kultur elkarteak antolatutako pasioan; horietatik 170 dira aktore. Iaz bezala, Roberto Urrutia (Jesu Kristo) eta Maria Basaguren (Ama Birjina) izango dira protagonista. Maria Magdalenaren papera, berriz, Mari Paz Domingok egingo du. Argazkian, Jesu Kristo gurutzera igotzen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!