Lau egunez ospatuko dute Txorimalo gaztetxearen lehenengo urtea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 5a, 23:52

Atzean geratu dira Sastraka, Kutxitril, Burdinola, Maidagan, Aixerrota, Kulturetxe eta Mentxakabarri, "gazteon etxeak hustu arren, gure ametsak inolaz ere ikutu ezingo dituztenaren adibide zuzena". Eta dagoeneko urtea bete du Txorimalo gaztetxeak, apirilaren 10ean, 40 bat neska-mutilek okupatu zutenetik. Gazteen parte hartzeaz, hamaika izan dira Getxo aldeko gune autogestionatuan egindako ekitaldiak eta bertatik abiatutako "borrokak"; baita, tartean, "proiektua zapuzteko trikimailuak" (argi mozketak, identifikazioak, hustuketak, bideozaintza kamerak...) ere, Txorimalokoek salatu dutenez. Hala ere, ez dute lortu eta, horrenbestez, hilaren 11tik 14ra ospatuko dute Txorimalo gaztetxearen urteurrena. Herritar guztiak gonbidatu dituzte jaialdira, baita eguneroko jardueretan parte hartzera ere. Argazkian, Getxo udalerrian urte betea gainditu duen bigarren gaztetxea da Txorimalo, Itzubaltzetaren atzetik.

Txorimaloko gazteen oharra:

Bada urte bat Getxoko gazteok txorimalo bat eraikitzeko ametsa errealitate bihurtu genuenetik, Txorimalo gaztetxea.

Denbora hontan, jendearen parte hartzearekin, hamaika ekimen kultural eta borroka sozial burutu ditugu. Hamaika izan dira ere gure proiektua zapusteko botereak erabili dituen trikimailuak: bigilantzi-kamera ezkutuak, identifikazioak, argi kentzeak... Baina ez dute lortu, eta autogestioaz eta antolakuntzaz, gazteok gure etorkizuna eraikitzeko gai garela frogatu dugu.

Ezin dugu ahaztu Getxoko udaletxearen eta batipat PNVren jarrera, beraiek direlako desalojoen eta PTP bezalako proiektu txikitzaileen arduradun nagusiak.

Badator Txorimaloaren urteurrena. Baina hau ez da joan etorri bat, herria bizirik mantentzen duen bidearen zati bat baizik. Atzetik, Sastraka, Kutxitril, Burdinola, Maidagan, Aixerrota, Kulturetxe eta Mentxakabarri egon dira, gazteon etxeak hustu arren, gure ametsak inolaz ere ikutu ezingo dituztenaren adibide zuzena.

Beraz, apirilaren 11tik 14ra, denok zaudete gonbidatuta jaialdi mundial hontara, eta egunerokotasunean parte hartzera!

Izan ginenaren oroimenean oraina biziz, gure etorkizuna defendatuko dugu!

Herri bat, gaztetxe bat!


Egitaraua:

Apirilak 11, asteazkena (Txorimalon):

- 19:00etan, urteurren hasiera ekitaldia: aurreskua, bertsolariak, traka...
- 21:00etan, Las Felliniren espektakulua.

Apirilak 12, osteguna (Txorimalon):

- 19:00etan, mahaingurua: "Uribe Kostako gaztetxeen egoera aztergai".
- 21:00etan, laburmetrai gaua.

Apirilak 13, ostirala:

- 17:00etatik aurrera, Txiki Otaegin: Kalea gurea da!
- 19:30etan, manifestajaia Txiki Otaegitik.
- Ondoren, luntxa eta herri musika jaia gaztetxean.

Apirilak 14, larunbata (Txorimalon):

- 11:00etan, graffiti erakusketa.
- 13:00etan, tortilla txapelketa.
- 15:00etan, herri bazkaria.
- 19:00etan, kontzertuak: Konter (Algorta) + Pikutara (Orereta) + Skama la rede (Asturias)

Eta gero... gaupasa Dj Bullek alaiturik (Bakalaoa, sagardotegietan!).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun