Aberri Eguna ospatzeko Sopela, Erandio, Irun eta Hendaia, Forua, Bilbo eta Gernika aukeran izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 6a, 23:57

Aberri Egunak bere 75. urteurrena igandean beteko duela uribekostarrek eta euskal herritarrek hamaika aukera izango dute berau ospatzeko. Hurbilenak, Sopelan eta Erandion izango dira, bertako udaletxeen aurrean goizeko 12etan. Izan ere, Loren Arkotxak zuzendutako Udalbiltzak gogoratu duenez, "aurreko urteetan gertatu den bezala, hainbat herritan udal talde ezberdinen artean ireki den harreman dinamika zeinen arabera erakunde ekitaldi bateratuak burutuko dira hamarnaka udalerrietan". Eskualdekoez gain, hainbat hitzordu izango dira larunbat eta igandean. Besteak beste, Irun eta Hendaia, Forua, Bilbo, Gernika, Urruña, Donibane Lohizune eta Laudio izango dira abertzaleen egunik garrantzitsueneko agertokiak. Argazkian, Gazte Martxan gaur abiatu diren 2.000 bat lagunek Laudion ospatuko dute Aberri Eguna / Gaztesarea.

Larunbatean, 12etan, Foruan

Hitzordurik goiztiarrena larunbatean izango da, EAJ eta EAk kudeatutako Udalbiltzak egun horretan deitu baitu Foruara joateko eguerdian ekitaldi politikoa egin eta ondoren bertan bazkaltzeko. Eguneko leloa "Ezina ekinez egina. Naziogintza bakean, denon artean, errespetuan eta atxikimendu librean oinarrituta" izango da, 1999ko Aberri Egunaren lelo bera. Udalbiltza horren deialdia babestu dute EAJ eta EA.

Igandean, 11:30ean, Irun eta Hendaian

Hainbat herritar ezagunek "Zazpiak bat. Herri bat gara. Etorkizuna gure esku" lelopean egindako deialdiari erantzunez, ezker abertzaleak gidaturiko Udalbiltza, Nazio Eztabaidagunea, ELA, LAB, Batasuna, AB, Aralar, Eusko Abertzale Ekintza, Askatasuna, Esait, Bai Euskal Herriari, eta Euskaria Fundazioak Irungo Ficobatik Hendaiara joango den martxan eta ondorengo ekitaldi politikoan parte hartzera deitu dute. EAJk eta EAk, berriz, delegazio bana bidaliko dute.

Igandean, 12:00etan, Bilbon

Euzko Alderdi Jeltzaleak Irun eta Hendaiako ekitaldiaz gain, ekitaldi propioa egingo du Bilboko Plaza Barrian. Bertan, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta EAJko EBBko presidentea den Josu Jon Imazek hitz egingo dute ekitaldi politikoan. Ondoren, herri bazkaria egingo dute jelkide eta jeltzaleek.

Igandean, 12:00etan, Gernikan

Eusko Alkartasunak, berriz, bere kide eta zaleak Gernikara hurbiltzera deitu ditu. Bertan, haurrentzako jolasek eta puzgarriek emango diote hasiera Aberri Egunari. Ordu erdi beranduago, bertako azokan, ekitaldia eta bazkaria egingo dute. Hizlariak EAko presidentea eta idazkari nagusia izango dira, Begoña Errazti eta Unai Ziarreta, hurrenez hurren.

Igandean, 12:00etan, Laudion

Alderdi Popularraren debeku eskaerak eta Guardia Zibilaren kontrolak izan arren, "Gure izarra, independentzia" lelopeko Gazte Martxan batu diren 2.000 bat gaztek Udalbiltzaren deialdiarekin bat egingo dute igandean Laudioko udaletxearen aurrean. Ondoren, kale animazioa izango da herrian zehar eta 15:00etan herri bazkaria egingo dute. 17:30ean, berriz, hainbat gunetan kontzertuak izango dira, 19:00etan kalejira hasi arte. 20:00etan gazte ekitaldi politikoa burutu ostean, Oliba Gorriak, Los Delincuentes, Kaotiko, Betagarri eta Kop joko dute.

Igandean, 14:00etan, Urruñan

AB, Aralar, Batasuna eta Matalaz alderdi eta iritzi taldeak zein Zutik, EA eta EAJko delegazio bana izango dira Urruñako ekitaldietan. Arratsaldeko 14:00etan herri bazkaria hasiko da, eta ondoren ekitaldi politikoa egingo dute, ondoren, 17:30ak aldera, "Mugimendu abertzalea eta borroka instituzionala Ipar Euskal Herrian" izeneko eztabaida egingo dute, alderdi bakoitzak Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereari buruz dituen planteamenduak jendaurrean plazaratzeko.

Igandean, 18:30ean, Donibane Lohizunen

Eusko Alderdi Jeltzaleak omenaldia egingo dio Jose Antonio Agirre Lehendakaria zenari bere gorpua gordetzen duen Donibane Lohizune herrian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun