Liburuak mailegatzeagatik ordaintzearen aurka daude Getxoko udal liburutegiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 24a, 17:46

Ostiraletik igandera bitartean egin zen Getxoko Liburu Azokan Europako 92/100 arteztarauan ezarritako ordaindu beharreko kanonaren aurkako esku-orriak banatuko zituzten udal liburutegiek. Arau horren arabera, egile-eskubideak ordaintzea agintzen zaie, egiten dituzten maileguengatik. Horri buruzko informazioaz gain, azokako bisitariek posta-txartelak izan zituzten eskura kanpaina horren alde egiteko. Bildutako txartel guztiak Espainiako Senatura bidaliko dira, ordaindu beharreko kanonaren ezarpenari buruz hausnar dezan. Getxoko Kultur Etxetik adierazi dutenez, Europa osoan zabaldu den kanonaren aurkako kanpainan erabiltzen diren argudioen artean, honako hau azpimarratu behar da: UNESCOk Kultur Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsalean dioenez, kultur zerbitzu eta ondasunek "nortasuna, balioak eta zentzua" dauzkate eta "ez dira merkatugaitzat edo kontsumo-ondasuntzat erabili behar, beste batzuk bezala". Argazkian, liburu azokaren irudi bat.

Bestalde, kanona ezartzeak eragina ekarriko luke liburuak erosteko aurrekontuetan, idazleak naiz erabiltzaileak kaltetuz. Irakurketa-indize txikia eta liburutegietarako gastu sozial urria dauzkan egungo gizartean, neurri honek "kalte nabarmenak" sortuko ditu, aipaturiko iturrien arabera. Horrez gain, liburutegiek egile eskubideak ordaindu behar izaten dute lanen ale bat erosten duten bakoitzean. Beraz, kanonak kontzeptu bera birritan ordaintzea dakar. Halaber, Espainiar Estatuak, autonomia erkidegoek, aldundiek, udalek eta bestelako erakunde publikoek egileei eta argitaratzaileei ematen dizkieten laguntzak herritarrek ordaintzen dituzte, zergen bidez. "Ez da bidezkoa, beraz, berriro ere ordaindu behar izatea liburutegietan liburu bat maileguan hartzeagatik", nabarmendu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun