Udako kirol ikastaroetan 800 lagunek parte hartu ahal izango dute Faduran eta Gobelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 24a, 18:10

Getxoko Kirolak erakundeak 800 toki eskainiko ditu aurten udako kirol ikastaroetan, hau da, uztailean Faduran (Algorta) eta Gobelan (Itzubaltzeta / Romo) antolatuko dituztenak eta Faduran soilik abuztuan. Datorren maiatzaren 21ean zabalduko da Faduran eta Gobelan gazteenei zuzendutako ikastaro hauetarako izena emateko epea. Ikastaroen eskaintza aurreko urtekoena bezalakoa izango da, hau da, zabala eta anitza, besteak beste, tenis, padel, igeriketa, futbol campusa, abentura... udal iturriek aurreratutakoaren arabera. Ikastaroen lehenengo txanda datorren uztailaren 2an hasiko da eta bigarrena abuztuaren 1ean. "Udan ondo pasa" eta "Jolasean" ikastaroak, berriz, abuztuaren 16an hasiko dira.

Izen-emateari dagokionez, zozketarako txartela datorren maiatzaren 16ra arte hartu hal izango dute interesatuek, dagokion kiroldegian. Familia bakoitzak txartel bat hartu ahal izango du eta zozketak jarraitu beharreko ordena zehaztuko du. Zozketa maiatzaren 17an egingo dute, goizeko 10etan, bai Faduran, bai Gobelan. Igeriketako Hobekuntza eta Egokitasun mailak ekainaren 18an hasiko dira. Ikastaroak astelehentik ostiralera izango dira, jai egunetan izan ezik. Itxarote zerrendak ere zabalduko dira eta informazio gehiago izateko bazkidearen bulegora jo dezakete interesatuek, astelehentik ostiralera, eta 944 308 070 telefono zenbakira ere.

Udako plana

Bestalde, Udalak urtero Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko lehenengo zikloko ikasleentzat antolatzen duen Udako Programarako izen-ematea datorren ekainaren 18tik uztailaren 6ra bitartean egongo da zabalik, Udaletxeko Hezkuntza sailean. Iñaki Zarraoa alkateak esan du “ekimena oso arrakastatsua izaten dela urtero, 150 bat gaztek hartzen baitute parte, iraileko azterketak desagertu ondoren, udako hilabeteak aprobetxatzen dituztelako ikasgai batzuk sakontzeko eta aldi berean kirol ekitaldi batzuk egiteko”. Ikastaroak uztailean eta abuztuan izango dira, 9:00etatik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Izena ematen dutenek gutxienez hilabete bateko parte-hartzea ziurtatu behar dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun