Berria.info webguneak jakinarazitakoaren arabera, gaur eguerdian, Iñaki de Juana Chaos presoaren gelara sartu dira poliziak, eta eraman egin dute, ospitaleko atzeko ate batetik. De Juanari esan diote Madrilera eramango dutela, zehaztu gabe non sartuko duten preso. Espainiako Auzitegi Nazionaleko iturriek gero jakinarazi dute Aranjuezko kartzelan sartuko dutela (Euskal Herritik 500 kilometrora). Presoari atzo eguerdian -ETAk su-etenaren apurketa iragarri eta gutxira- jakinarazi zioten zigorra betetzeko geratzen zaiona ez duela etxean beteko. Atzo bertan, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak T5 telebista kateko gaueko albistean esan zuen ez dutela preso donostiarra etxera bidaliko zigorraren bukaera betetzera. De Juanari urtebete eta bi hilabete falta zaizkio Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako hiru urteko zigorra amaitzeko. Bitartean, presoaren defentsak helegitea sartuko duela iragarri du, ez dutelako jaso Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindu berezirik presoa ospitaletik ateratzeko eta kartzelara bidaltzeko. Argazkian, Iñaki de Juanaren alde Algortan egindako mobilizazio baten irudia.