Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta BBKren laguntzaz, Osasun Jaia antolatu du larunbat honetarako, irailak 27, Erandioko Drogamenpetasunen Prebentziorako Udal Batzordeak; gehienbat udalerriko ume eta gazteei zuzenduta. Hain zuzen ere, "Gogoratu, zure eskubideak defendatu eta zabaldu" lelopean egingo dute jaialdia, Akarlanda parkean (Unbe). Ekitaldi horretan, "bizimodu osasuntsua eta ingurumenaren babesa sustatzeko eta alkoholdun edarien zein tabakoaren kontsumoa prebenitzeko" xedea duten jolasak eta ikuskizunak izango dituzte neska-mutilek, egun osoan zehar. Eta, aurreko urteetan bezalaxe, aurtengo ekitaldian ere garrantzi berezia emango diete haurren eskubideei, tokiko arduradunek adierazi dutenez. Horretaz gain, txistularien kalejira, Erandioko Udal Musika Bandaren kontzertua, euskal dantza agerraldia, puzgarriak eta globo aerostatikoa izango dira. Halaber, autobus zerbitzu berezia jarriko dute bertara heltzeko. Argazkian, hainbat mutiko arku-tiroan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!