Getxoko PPk eta PSE-EEk idatzia aurkeztu dute gaur goizean, udal erregistroan, tokiko erakundeari 2007ko azaroaren 8ko osoko bilkuran hartu zen erabakia bete dezala eskatuz. Udal batzar horretan, 1983tik indarrean dagoen Udal Arautegi Organikoa aldatzea onartu zen popularren eta sozialisten botoekin. Alabaina, udal idazkariaren txostenean oinarrituta, Imanol Landa alkateak behin baino gehiagotan adierazi du erabaki hori "gauzaezina" dela, "besteak beste, Espainiako Legedia urratzen dutelako" PPk eta PSE-EEk onetsitako idatziaren hainbat artikuluk. Marisa Arrue eta Luis Almansa oposizioko alderdietako bozeramaileen ustez, ordea, "hori egia bada, bi hilabeteko epea, hau da, urtarrilaren 8ra arte eduki du (Landak) administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko; eta ez du egin". Ondorioz, azaroko udal batzarrean hartutako erabakia "balioztatu" duelakoan daude biak. Udal Arautegi Organikoa berritu ezean epaitegira eramango dute alkatea Getxoko PPk eta PSE-EEk. Argazkian, Arrue popularra eta Almansa sozialista aurreko prentsaurreko batean.